«Liburutegi zerbitzu duina eskatzen diogu Udalari», Usansoloko ikasle taldea
Iritzia
Usansoloko ikasle taldea
BINKE / 2022ko maiatza
Usansolotarrok liburutegi zerbitzu duina eskatzen diogu Udalari
Ohar honekin, Usansoloko herritarrok azken aldian ikasketa gela izateko eta liburutegi zerbitzua erabiltzeko jasandako zailtasunak salatu nahi ditugu.
Usansoloko liburutegia 14:00etatik 20:30ak arte zabaltzen da. Hori dela eta, ikasleok goizean ikasketa gela bat izatea eskatu genuen 2021eko urriko lehenengo asteetan. Gutako batzuk kultur zinegotziarekin elkartu eta Usansolon bizi dugun egoera azaldu genion. Alde batetik, goizetan ikasteko lekurik ez dugula, eta bestetik, Usansoloko liburutegia arratsalde askotan itxita topatzen dugula, bertako langileak baja hartu eta beste inor jartzen ez dutelako. Honek ikasteko lekurik ezta liburuen mailegua egiteko aukerarik ez izatea dakar.
Urriko azken astean Txapelena Kultur Etxeko bigarren solairuko gela ikasketa gela moduan zabalduko zela jakinarazi ziguten; arratsaldeetan, berriz, liburutegiko egoerara moldatu behar ginen. Aipatu beharra dago liburutegiak soilik 10 ikasleentzako lekua izan duela, goiko solairuko geletako bat atondu eta ikasketa gela bihurtu arte.
2021eko abenduaren 15ean, Txapelenako langileak jakinarazi zigun ikasketa gela alde batera utziko zela bertan beste proiektu batzuk garatu behar zirelako. Aipatzekoa da ez genuela inongo azalpenik jaso Galdakaoko Udalaren partez, eta ez zutela hau iragarri ez sare sozialetan ezta herriko komunikabideetan ere. Ikasketa gela zabaldu zutenean, berriz, Twitterreko kontuan eta Binke aldizkarian argitaratu zuten.
Egoera salatzeko asmoz, 2022ko urtarrilean jarri ginen harremanetan kultur zinegotziarekin, baina bere erantzuna irtenbide bat «lehenbailehen» bilatzeko lanean ari zirela izan zen.
Aurrerapausorik ez zegoela ikusita gure kabuz ikasketa gela bat bilatu eta kudeatzea aukeratu genuen. Gorosibaiko auzokideei esker, ludoteka erabiltzea lortu genuen. Covid-19a dela eta haurrak ezin izaten ziren ludotekara joan, beraz, bertako guraso eta auzokideek ludoteka erabiltzeko aukera eman ziguten. Hala ere, egoera normaltasunera bueltatu eta arratsaldeetan ludoteka zerbitzua berriro jarri zen martxan, erabilgarri geneukan ikasketa gelako ordutegia goizetara murriztuz. Hau ikusita, Usansoloko liburutegiko goiko solairuko gela bat atondu eta ikasketa gela moduan erabiltzen hasi ginen, beti ere liburutegiko ordutegiaren barruan.
Azken aste honetan liburutegia itxita aurkitu dugu, ikasteko eta liburuen mailegua egiteko aukerarik gabe. Atean ez dago informaziorik, Galdakaoko Udalari deitu eta ez dute azalpen zehatzik ematen, ez dute errefortsuzko langilerik jarri…
Ez da lehenengo aldia, hamaika aldiz jasan behar izan dugu egoera hau. Horregatik idatzi honen bidez, Galdakaoko Udalari egoera hau konpontzea eskatzen diogu, ikasleok ikasteko lekua edukitzeko eta herritarrok liburutegi zerbitzu duin bat izateko asmoz.
Usansoloko ikasle talde sinatzailea:
Amaia González
Amaia Otxandio
Ane Sánchez
Deiene Bergaretxe
Eider Etxezarraga
Eneritz Arrese
Eva Salgado
Haizea Egiarte
Hodei González
Irati Etxebarria
Irati Trespaderne
Itxaso Fernández
Itziar García
Izaskun Fernández
Jon Azkueta
Jon Iñaki Fernández
Larraitz Navas
Leire Otxandio
Lorena Jiménez
Maria Murguiondo
Nahikari Molina
Naia Bergaretxe
Naroa Larrea
Nerea Martín
Nerea Valle
Olaia Egiarte
Unai García
Yerai Peña