Lucio Urtubiari buruzko hausnarketa eszenikoa hartuko du barikuan Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Yerbabuena Producciones
Yerbabuena Producciones konpainiak Lucio Urtubiari buruzko hausnarketa eszenikoa eskainiko du barikuan, abenduak 15, Torrezabal Kultur Etxean. ‘Lucio’ izenpean, anarkista nafarraren mezua irudikatuko du taldeak jazz erritmoan.
Urte amaiera honetan eskaintza zabala izango du Torrezabal Kultur Etxeak eta barikuan, abenduak 15, Yerbabuena Producciones konpainia helduko da areto galdakoztarrera. Taldeak ‘Lucio’ ikuskizuna eskainiko du 20:00etan eta sarrerak salgai daude honezkero.
Lucio Urtubia anarkista nafarrari buruzko hausnarketa eszenikoa ikusi ahal izango da Torrezabalen, jazz erritmoetan irudikatua. The New Jazz Collective taldeak musika jarri dio Mikel Santos ‘Belatz’en ‘El tesoro de Lucio’ nobela grafikoari.
«Proposamen abangoardista da, Lucioren irudiari merezitako omenaldia, bera ezagutzeko zortea izan zutenen maitasunetik eta errespetutik egina», azaldu dute Udaletik.