Maialen Martin galdakoztarra, Bilbao Basketeko elastiko berrien irudi
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitor Arrizabalaga, Surne Bilbao Basket
Bilbao Basketek Champions-en jokatzeko kamiseta berriak aurkeztu ditu, eta horretarako jokalariak ez diren bi lagun aukeratu ditu: euretariko bat, Maialen Martin, 28 urteko galdakoztarra. Berarekin hitz egin du Binkek esperientzia honen inguruan.
Surne Bilbao Basket saskibaloi taldeak Hummel kamiseta berriak estreinatuko ditu Basketball Champions Leaguera (BCL) itzultzeko. Elastiko berriak jendaurrean aurkezteko, urria hastearekin batera eta «Bilbo hiria ahalik eta urrutien eramateko asmoz, kamisetak benetako Bilbo batetik aurkeztu dira», klubaren arabera. Alde Zaharretik eta Bilbo Zaharretik egindako argazkiekin aurkeztu zituzten elastiko berriak.
Horretarako, Bilbao Basketeko jokalariak ez diren lagun bi aukeratu zituzten, kamiseta berriak inork baino lehen jantzi eta argazki saioan erakusteko: horietariko kide bat, Maialen Martin, 28 urteko galdakoztarra. Berarekin hitz egin du Binkek, eta eskaintza hau klubarekin duen «lotura pertsonalagatik» etorri zitzaiola adierazi dio Martinek.
Argazkiak Aitor Arrizabalaga argazkilariak atera zituen eta Maialenek, modelo lanetan ere, Bright Martins izan zuen lagun. Galdakoztarrak «ilusio handiarekin» hartu zuen argazki-saioan parte hartzeko gonbitea, «Bilbao Basket bai kantxan zein horretatik kanpo beti familia bat izan delako eta horren parte ere sentiarazten dizutelako», kontatu dio Binkeri. Gainera, «bikoteagatik klub hau nire bizitzaren parte den heinean, oroitzapen hau betiko gordetzea niretzat ere zoragarria da», aitortu dio Martinek aldizkari honi.
«Men In Black» ezizenez ezagunak diren saskibaloi jokalariek hiru jantzi izango dituzte lehiaketa honetan. Jantzi nagusiak, beltzak, Miribillako fatxadaren itxura du, kolore beltzak lepoan eta mahuketan dituela. Bigarren ekipazio zurian, Endesa Ligako diseinua mantendu dute baina BCL-ra egokituta. Eta nobedade gisa, edizio berezi honetarako hirugarren elastiko bat gehitu da: Miribilla Efektua izenekoa, «pabiloiaren kolore osoa bere esentzia gorenean barne hartzen duena», klubaren arabera. Azken hau izango da txapelketako lehen partidarako ekipazioa, Miribillan, Bahçeehen Koleji S.K.ren aurka jokatu duen horretan.