Martxan dago Urreta eta Tximiolarre auzoen arteko igogailua, gaurtik
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Tximiolarre auzoaren irisgarritasuna hobetzeko asmoz, Urretarekin batzen duen igogailua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Gaur inauguratu dute Iñigo Hernando alkateak, Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak eta Tximiolarre zein Kapiko auzo elkarteetako zenbait kidek.
Nagusi asko bizi dira Tximiolarren eta hau kontuan hartuz auzo honen irisgarritasuna hobetzeko asmoa iragarri zuen Udalak. Besteak beste, Urretarekin batzen duen igogailua eraiki du Tximiolarre Goikoan eta dagoeneko erabili daiteke, gaurtik aurrera, eguaztena. Halaber, igogailuaren Urretako zatian, eskola ondoan, errepidea hobetu da.
Iñigo Hernando alkateak igogailu honen inaugurazioan gaur azaldu duenez, «oso albiste ona da auzokideentzat». Gainera, alkatearen hitzetan, «herriko zerbitzuak gerturatzeko, besteak beste, kiroldegia, anbulatorioa eta azpian dagoen eskola, eta horren bitartez bizi kalitatea hobetzeko» balioko du igogailu berri honek.
Asier Egiraun Hirigintza Zinegotziak adierazi du igogailua dagoeneko erabili daitekeen arren, argiztapen hobekuntzak falta direla oraindik. «Zerbitzu handiena Kapiri ematen dio eta auzo honen irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko hemen dagoen biribilgunean dagoen espaloia aldapa bihurtu behar da. Horretarako, obra egin beharko da», iragarri du.
Bestalde, Tximiolarreri «zerbitzu hobea emateko», auzoaren beste aldean igogailu bat egingo dutela azaldu du Egiraunek: «Lapurdi kalera helduko da eta honetan egin den moduan, errepidea konponduko da».
Hernando eta Egiraunekin batera Tximiolarre auzo elkarteko Josu Artetxe eta Pedro Pérez eta Kapiko Edu Madina izan dira. Ordezkariek igogailua eskaintzen duen irisgarritasunaren hobekuntza azpimarratu dute, «batez ere nagusientzat, mugikortasun arazoak dituztenentzat eta ume txikiak dituztenentzat».
Igogailuaren bideo laburrak igo ditugu gure Instagram kontura.