Merkadillo zubia irekitzeko ez du baimenik eman Galdakaoko Udalak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Irekia
Uraren Euskal Agentziak iragarrita, barikuan ziren Bengoetxeko Merkadillo zubia irekitzekoak. Udalak prentsaren bitartez jaso zuen horren berri, baina ez du uste zubia irekitzeko baldintzetan dagoenik. Ezagutu hemen gertatutakoa.
Bengoetxe auzo galdakoztarreko Merkadillo zubia, Ibaizabal ibaiaren berbideratzeagatik konpondu eta luzatu egin dutena, urriaren 4an ziren irekitzekoak, aurreko martitzenean. Hala adierazi zuen Uraren Euskal Agentziak ohar bidez. Albiste hori bera oharra jaso eta jarraian argitaratu zuen Binkek, baina Uratik hedabide honi deitu zitzaion segidan, «agiri baten zain» zeudela eta akatsa zuzendu beharrean zirela, martitzen horretan beharrean barikuan zabalduko zutela baieztatuz. Baina oraindik ireki gabe jarraitzen du.
Urak aipatzen zuen «agiri» hori Udalaren titulartasunaren hartzea zen, alegia, Merkadillo zubiaren lanak Uraren bidez Eusko Jaurlaritzak egin ditu eta tarte horretan jabegoa Jaurlaritzarena da; behin Uraren Euskal Agentziak aipatutako agiria Udalak sinatuta, herriko erakundearena izatera pasako da zubiaren jabetza. Eta orduan bai, zubia inauguratu eta herritarrek erabiltzeko moduan izango da.
Aldiz, Udalak ez du uste Merkadillo zubia zabaltzeko baldintzak betetzen direnik, «esaterako, zubiaren beraren eta inguru guztiaren argiztapena jarri gabe dago, eta ez dogu uste horrela segurtasun baldintzak betetzen diranik», aitortu dio Udaleko prentsa arduradunak Binkeri. Gainera, Udalak eskualdaketa hori lanak erabat amaituta egon gabe sinatzen badu, «hortik aurrera egin beharrekoak Udalak ordaindu beharko leukez, eta ez jagokoz erakunde honi egin barik dagozan lanok ordaintzea», azpimarratu du.
Horrela ba, Galdakaoko Udalak ezin du ziurtatu noiz emango duen zubia irekitzeko baimena: «Urak egin beharreko lanak amaitzen dituanean».
Inaugurazio polemikoa
Uraren Euskal Agentziak martitzenean egindako iragarpenaren berri —hots, Merkadillo zubia barikuan ireki behar zenaren notizia— komunikabideen bitartez jaso zuen Galdakaoko Udalak, eta ezustean harrapatu zuen herriko erakundea.
Are gehiago, Urak Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariaren bidez argitaratu zituen irudietan ere zubiaren inaugurazio ekitaldia dirudiena ageri da, eta inaugurazio horretan ez da Udaleko ordezkaririk ageri.
Gaur gaurkoz, ezjakina da noiz izango den Merkadillo zubia oinezkoentzako eta bizikletentzako erabilgarri, eta ez jakina da ere Udala inaugurazio ekitaldian egongo den ala ez.