Metroaren 5. linea eraikitzeko lanek eragina izango dute Galdakaon eta Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Euskal Trenbide Sareak hasi ditu honezkero Metroaren 5. linea eraikitzeko obrak, Galdakaon eta Usansolon geltokiak izango dituen linearenak. Lanek eragina izango dute gure herrietan hurrengo hilabeteetan eta hemen batu ditugu hauen xehetasunak.
Basauritik Galdakaora eta Galdakaotik Usansolora iritsiko den Metroaren 5. linea eraikitzeko lanak duela hilabete batzuk hasi ziren eta hurrengo asteetan gure herrietan hauen ondorioz aldaketak izango direla azaldu du Galdakaoko Udalak.
Usansoloren kasuan, datozen egunetan Puentelatorre Bidea erabat itxiko dute ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, zehazki, Puentelatorre zubitik Unkinara arteko tartean. Lau urtez itxita egongo da Metroaren obren ondorioz.
Galdakaon, lanerako eremu handietako bat suhiltzaileen eraikina zen gunea izango da, baina obra hauek beranduago hasiko dira. Erdigunean aldiz, Lapurdiko aparkalekuan eragina izango dute lanek, eta baita Agirre Lehendakaria plazaren inguruan Metroak izango dituen bi sarreren guneetan ere: plazan bertan haurreskola ondoan, eta Euskadi kaleko etxe berrien ondoan.
Eragin handiena, halere, Udalak azaldu duenez, Bengoetxen izango da. Metroak Ostalaritza Eskolaren atzealdean geltokia izango du eta beraz, eraikitze lanak nabarituko dira, baita hortik gertu, Sixta Barrenetxea ondoko aparkalekuan.
Aperribaiko geltokia ordea Olabarrietan ezarriko dute eta hau eraikitzeko obrek ondorioak izango dituzte auzo honetan ere: lanak egiten diren bitartean N-634 errepidera zuzenean joateko bidea moztuta egongo da.
Usansolon datozen egunetan nabarituko dira aldaketak baina Galdakaon eragin horiek ez dira oraindik nabarituko Aste Santu ingurura arte, Udalaren esanetan.