Metroaren etorreraren inguruko zalantzak argitu gura dituzte gaur Aperribaien
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Spend In
Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak «Metroaren inguruan dagoen nahaspila guztia argitzeko» Galdakaoko PSE-EEko kideak gonbidatu ditu, gaur Aperribaiko liburutegian eskainiko den hitzaldira.
Metroaren inguruko taxuzko berriak iristen ari zaizkie galdakoztarrei eta usansolotarrei azken boladan, eta Bilboko garraio ezagunak data zehatzak omen dauzka behingoz, aspaldiko urteetako eskariari erantzunez. Jakina da lurrazpiko tren honen bosgarren lineak, Bilbo Galdakaorekin eta Usansoloko ospitalearekin lotuko dituenak, bost geltoki izango dituela: Basaurin lehena —Sarratu— eta gure herrietan beste laurak —Aperribai, Bengoetxe, Kurtzea eta ospitalea—.
Ordea, «hainbeste proiektu eta daten nahaspilaren ostean gure zalantzak argitu» gura ditu Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak. Horretarako, «Bizkaiko Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzaren garraio sailak alderdi sozialistaren esku dagozanez, Galdakaoko PSE-EEko kideak gurera gonbidatu doguz», esan dio aipatutako auzo elkarteko kide batek Binkeri.
Horietariko zalantza batzuk, akaso, Binkek egindako azken argitalpenean argitu ditzake irakurleak, baina norberari suertatzen zaizkionak egiteko herritarrak gaurko hitzordura gonbidatu gura ditu Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak: 18:00etan Aperribaiko liburutegian izango da hitzaldia.