Mikel Larunberen agur partidarako jaia antolatu dute zapaturako Kurtzean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Baiko Pilota
Zapatuan esango dio agur, ofizialki eta publikoki, bere ibilbide profesionalari Mikel Larunbe pilotari galdakoztarrak. Agur hori bere herrian eta bera hazitako pilotalekuan izango da, Kurtzean. Eta ez da edozelango agurra izango, jaialdi itxura eman baitiote zapatu arratsaldeko despedidari. Sarrerak gaur jarri dituzte salgai.
Urriaren 10ean eman zuen horren berri Binkek: azaroaren 26an esango dio agur Mikel Larunbe pilotari galdakoztarrak bere ibilbide profesionalari. Ofiziala da dagoeneko, eta agur horretarako jaialdi itxura eman dioten eguna antolatu dute herriko lagun eta pilotazaleek.
Azaroaren 26ko jaialdia, zapatuan, 18:00etan hasiko da Kurtzea pilotaleku galdakoztarrean, eta hasteko «Kinielatxue pilota goxuagaz» egingo dutela iragarri dute horretarako propio sortutako kartelean. Kiniela horretan «Adiskideko legendak» izango dira, hau da, Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteko pilotari ezagun bezain maitatuak: Beroiz, Ajuria, Kantxo, Atutxa, Bidaurre eta Varela.
Ostean, binakako norgehiagoka izango da, honetan ere galdakoztarrak protagonista izango direla: Legorburu eta Ibarrondo, Karregal eta Gorostiagaren aurka.
Eta pilota jaialdia amaitzeko, orain bai, Mikel Larunberi publikoki agur esateko unea iritsiko da oraindik erabat zehaztuta ez dagoen norgehiagokarekin: Elezkano II (edo Victor) eta Larunbe bera, Artola (edo Jaka) eta Eskirozen aurka.
Sarrerak gaur bertan, astelehenarekin, jarri dira salgai Galdakaoko Urreta kiroldegian. Bost euro ordaindu beharko ditu jaialdia zutik ikusi gura duenak eta zortzi euro berriz, Mikel Larunberi agurra eserita bizi gura duenak.