Modu librean ikusi daiteke Galdakao protagonista duen ‘Erlojupekoa’ filma
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bira Produkzioak
Duela urte eta erdi estreinatu zen Torrezabalen Galdakaon grabatutako ‘Erlojupekoa’ filma eta ondoren Laburbira euskarazko film laburren zirkuituan ikusteko aukera izan zen. Orain modu librean ikusi daiteke, Youtube plataforman.
Bira Produkzioak taldeko Leire Egañak zuzendu duen eta Lore Nekane Billelabeitia aktorea protagonista duen ‘Erlojupekoa’ laburmetraia Galdakaon eta galdakoztar zein usansolotarrekin grabatu zen. Herrian bertan egin zen estreinaldia duela urte eta erdi, Torrezabal Kultur Etxean.
Honen ostean, iazko martxoan eta apirilean Laburbira euskarazko film laburren zirkuituaren 20. edizioan ikusteko aukera izan zen. Orain ordea, pasa den astetik, modu librean ikusi daitekeela iragarri dute Bira Produkzioak taldetik. Zehazki, Youtube plataforman ikusi daiteke.
Eñaut Tolosa gidoilari izan duen film labur hau komedia surrealista bat da, bizikletan enkarguak banatzen dituen rider bat protagonista duena eta hainbat herrikide partaide dituena.