Momoak taldeak «maitasun erromantikoarekin apurtzeko» tailerrak eskainiko ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Sangiao
Momoak talde feministak «maitasun erromantikoaren ideiarekin apurtu» nahi du eta horretarako hiru tailer antolatu ditu otsailaren 14an, San Valentin egunean. Elexalde eta Bengoetxe institutuetan eta Zabalik Topagunean eskainiko ditu.
Urtero bezala, San Valentin eguna ospatuko da otsailaren 14an. Loreak eta maitasun mezuak nagusi diren egunean, Momoak izenez ezagutzen den Mozoilo Moreak talde feministak mezu argia bidali du: «Ez dekogu ezer ospatzeko!».
Horregatik, eta «maitasun erromantikoarekin apurtzeko» asmoz, tailerrak antolatu dituzte otsailaren 14an. Batetik, Bengoetxe institutuan izango dira 11:15ean eta Elexalde institutuan ere saioa eskainiko dute, areto nagusian 12:10ean. Bestetik, Zabalik Topagunean antolatu dute tailerra 18:00etan.
«Sistema zisheteropatriarkal kapitalista errotik eta txikitik handira iraultzen hasteko» helburu nagusia dute tailerrek, Momoak taldeak azaldu duenez. «Guk ez dugu rolak erreproduzitzen dituen, zapaltzailea den eta kapitalismoaren motorra arintzen duen egunik nahi!», nabarmendu dute.