Mozkerrak: «Somerako zurrumurruetatik kanpo egotea nahiko gogorra da»
Mozkerrak kuadrila @mozkerrak
BINKE / 2021eko azaroa
«Somerako zurrumurruetatik kanpo egotea nahiko gogorra da»
GALDERAK: Sukhak kuadrila @sukhak_
Nondik dator izena? Horri buruz, noizean behin «okerrak» garela besterik ez dugu esango, eta geratzen den izenaren beste zatia zuen irudimenerako utziko dugu.
Nola deskribatuko zenukete kuadrila? Pertsona arruntez osatutako kuadrila berezia gara. Hau da, nahiz eta bakoitzak bere zaletasunak izan, beti aurkitzen dugu batzen gaituen zeozer. Bestalde, kuadrila nahiko lasaia gara eta horrek gure arteko desadostasunak erraz konpontzen laguntzen gaitu.
Nor da gehien ligatzen duena? Danok kopuru berdinean ligatzen dugu baina nonor hautatu beharko bagenu, Uri eta Unai Alba aukeratuko genituzke. Batek egunean eta besteak gauean egiten ditu etxerako lanak.
Nor da gauaren erregea? Errege Magoen antzera gure kuadrilan hiru dira gauaren erregeak; Asier, Alba eta Albarran, hain zuzen ere. Batzen direnean gameluak beste edateko gai dira-eta.
Nola azalduko zenukete gure harremana? Barkatu, baina ezagutzen al zaituztegu?
Zeinek ematen dio garrantzi gehien berataz besteek pentsatzen dutenari? Ez ginateke gai izango bat zehazki aukeratzeko, izan ere, gure kuadrila fokuetatik at dagoen kuadrila da eta jaramon gutxi egiten diogu jendeak pentsa dezakeenari. Hala ere, Somerako zurrumurruetatik kanpo egotea nahiko zeregin gogorra da.
«First Dates», «El Conquis» eta «Gran Hermano» telebistako saioetatik, aukeratu nor izango litzatekeen partaiderik egokiena bakoitzerako. Hasteko, «El Conquis» saiora Unai Alba eta Jagoba eramango genituzke kuadrilako abenturazaleenak direlako, haien «rollotxue» ikusi besterik ez dago. Beste aldetik, «Gran Hermano» saiora Telle eramango genuke, beste pertsonekin harremanetan egotea du gustoko-eta. Azkenik, «First Dates»-era ez genuke inor eramango, gure zonaldetik dagoen giroarekin ez daukagu horren beharra…
Nongo jaiak dira zuen gogokoenak? (Egin zuen TOP 3a) Galdakaoko jaiak alde batera utzita, pena izugarria eman digu aurten Antzarrak ez ospatzeak, baina Santoto eguna bertan dago eta ospatzeko irrikitan gaude. Bestalde, Bediakoak dira gure altxorrik preziatuenetarikoa, gehien arritu gaituztenak baitira.
Elkarrekin bizi duzuen istoriorik xelebreena kontatu. Bi dira ditugun pasadizo xelebreenak eta ezin gara bakar batekin geratu, beraz, zorionekoak zarete biak esango baititugu. Bata, Gandian polizia nazionalarekin harrapaketan ibili ginenekoa, eta bestea, Gasteizen ordu txikitan grabatu genuen 40 minutuko dokumentala.
Galdakaoko alkatea izango bazinate, zein izango litzateke hartuko zenuketen lehenengo neurria? Kafe Antzoki moduko leku zabal bat jarriko genuke hirigunetik kanpo, Durangok duen antzera. Azken finean, pare bat taberna dira Galdakaoko gaueko giroari eusten dietenak eta guztiok batzen garenean itolarri gabiltza beti.