Muebles Alberto dendak irabazi du Galdakaoko erakusleihoen lehiaketa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Muebles Alberto saltokiaren proposamenak irabazi du Galdakaoko lehenengo erakusleihoen lehiaketa, Udalak eta Gu Dendari elkarteak antolatutakoa. Iroak eta Optika Arteagak bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, eta Egunon Desayunos tabernak Sari Herrikoia.
Denbora luze baten ostean, berriz antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak herriko erakusleihoen lehiaketa. Txapelketan udalerriko 30 establezimenduk hartu dute parte eta epaimahaiak erakusleihoen «originaltasuna, jenioa eta sormena baloratu ditu», baita kalitate estetikoa eta erakusleihoen Gabonetako arrazoia ere, merkatarien lana aitortzeko.
Hauek kontuan hartuz, Muebles Alberto saltokiaren proposamena izan da irabazlea, Iroak eta Optika Arteagak bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, eta Egunon Desayunos tabernak aldiz Sari Herrikoia irabazi du, herritarren boto gehien jaso ostean,
Aintzatespenez gain, kalitatezko sariak ere eman dizkiete irabazleei, udalerriko saltokien partaidetzari esker. Hain zuzen ere, Muebles Alberto establezimenduaren jabeek hiru eguneko bidaia irabazi dute Londresera bi pertsonarentzat, Iroakoek lau lagunentzako bazkaria Andra Mari jatetxean, Optika Arteagakoek lau lagunentzako bazkaria Aretxondon eta Egunon Desayunosekoek Roquechar establezimenduko gourmet produktuen saski bat.
Sariak Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean banatu ziren, Bizkaiko Merkataritza Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen Bizkaidendak merkatarien galaren baitan.