Mugarriz Mugarri martxa domekan antolatuko du Ganguren Mendi Taldeak
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Mugarriz Mugarri martxa domekan antolatuko du Ganguren Mendi Taldeak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Tamara Txikon
Mugarriz Mugarri martxaren bederatzigarren edizioa antolatu du domeka honetarako Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak. Bi urterik behin antolatzen den martxa honek bi ibilbide izango ditu, 50 kilometrokoa eta 20 kilometrokoa.
Datorren domekan, maiatzaren 22an, Mugarriz Mugarri Galdakao martxaren bederatzigarren edizioa egingo da Ganguren Mendi Taldearen eskutik. Bi urtean behin egiten den mendi martxa hau bi urteko atzerapenarekin egingo da aurten, pandemiak hala behartuta.
Bi ibilbidek osatzen dute martxa, alde batetik ibilbide luzea (50km), Euskal Herriko Mendi Federazioaren ibilbide luzeen egutegian sartuta dagoena, eta ibilbide laburra (19-20km), izaera herrikoia izango duena.
Bi ibilbideen irteera zein helmuga leku berdinean izango da. Irteera Galdakaoko Ganguren Mendi Taldearen egoitzatik —Gipuzkoa kalea 11— izango da eta helmuga Galdakaoko frontoian, Kurtzeko plazan.
Antolakuntzak oso ondo markatuta dauzka ibilbideak eta zaila da galtzea; hala ere, ibilbidean zehar hainbat kontrol puntu egongo dira ibilbidean zehar segurtasun maila hoberena bermatzeko:
- Ganguren Mendi Taldearen egoitza soziala (irteera eta dortsalak)
- San Segismundo (dortsalen kontrola eta janaria)
- Isisi (dortsalen kontrola eta janaria)
- Kortederra (dortsalen kontrola eta janaria)
- Artola (dortsalen kontrola eta janaria)
- Vivero (dortsalen kontrola eta janaria)
- Jugo (dortsalen kontrola eta janaria)
- Galdakao, egoitza soziala (Dortsalen kontrola, janaria eta dutxak frontoian)
Horretaz gain, antolakuntzako hainbat arau betetzea ezinbestekoa da:
- 18 urte baino gehiago izatea
- Federatua egotea gomendatzen da
- Kontrol gune guztietatik pasatzea eta dortsala erakustea
- Ibilbidea 8-12 ordutan bukatzea
- Ibilbidea bukatu aurretik erretiratzekotan, partaideak azken kontrolean esan beharko du, edota Ganguren Mendi Taldearen mugikorrera deituz.