Muguru kaleko saneamendua konpontzeko lanak hasi dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Muguru kaleko 6 eta 8 zenbakien artean dagoen saneamendu sarearen tartea konpontzeko obrak hasi ditu Galdakaoko Udalak eta hiru aste inguru iraungo dute.
Duela hilabete batzuk Muguru kaleko 6 eta 8 zenbakien artean dagoen saneamendu sarearen tarteak arazoak ematen zituela jakin zuen Galdakaoko Udalak, hodiak maldaren kontra daudelako eta denborarekin pixkanaka hondatuz joan direlako.
Atzo, urtarrilak 20, hasi zituen sarea konpontzeko lanak eta hiru aste inguru irautea aurreikusi dute Udaletik.
Berez obra espaloian bada ere, erabili beharreko makinak uzteko 10 aparkaleku okupatu dira. Horrek ez du eraginik izango zirkulazioan, baina lanek irauten duten bitartean ezin izango da bertan aparkatu.