
Mundu fantastikoa lantzeko saioa antolatuko du Barikupasa ekimenak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Barikuan, otsailak 21, antolatuko dute hilabete honetako Barikupasa saioa. Urreta eskolako patio estalian izango da eta mundu fantastikoa landuko dute.
Urtarrilaren 31n egin zuten urteko lehen Barikupasa saioa eta honetan 50 familiak eman zuen izena. Arrakasta hau errepikatzeko asmoz, barikuan, otsailak 21, antolatuko dute hilabete honetako saioa.
Urreta eskolako patio estalian izango da, 17:00etan, eta mundu fantastikoa gai hartuta, askotariko jolasak izango dira, hala nola gorputz adierazpena, apaingarri zoroak, izaki izugarriak eta sarearen jolasa.
Gainera, «Argizai elkarteko begiraleek sorpresak eta beste hainbat jarduera prest izango dituzte datorren ostiralekoa ere zoragarri joan dadin», adierazi dute Galdakaoko Udaletik.
Hitzorduan izena emateko plazak mugatuak dira eta horregatik formulario honen bitartez aurretik izena ematea gomendatu du Udalak, momentuan bertan izena eman daitekeen arren.