Musika Bizian jaialdiaren X. edizioan: Katalunia, Ipar Irlanda, Man irlak, Galizia eta Euskal Herria
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Estaturik gabeko herrialdeetatik etorritako musika taldeen kontzertuez gain, beste urte batez kale animazioz, luthier azokaz, tailer, erakustaldi eta mokadutxoz beteta dator Galdakaoko Musika Bizian jaialdia urriaren 25ean eta 26an. Gaur aurkeztu du Andra Mari Dantza Taldeak Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean. Egitarau osoa eta gaurko prentsaurrekoko adierazpen batzuk, ondoko albistean batu ditugu.
Hamargarrenez dator Musika Bizian jaialdia Galdakaora, Andra Mari Dantza Taldeak Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatutakoa. Estatu propiorik gabeko herrialdeen taldeak batzen dituen hitzordua urriaren 25 eta 26an izango da da aurten.
Euskal Herriaren egoera parekoan edo antzekoan dauden kulturak musikaren bitartez ekarriko ditu beste urte batez herriko dantza taldeak Galdakaoko Iturrondo plazan jarriko den karpa handira. Aurten Ipar Irlanda, Man irlak, Galizia eta Herrialde Katalanak izango dira protagonista, Euskal Herriko ordezkariekin batera, urtero lez.
Halaber, ohi denez, kontzertuak hasi aurreko orduetan kaleko animazioa izango da eta zapatu eguerdian artisauen azoka eta tailerrak ere izango dira. Hori gutxi ez, jateko eta edateko aukera izango da Iturrondon azken urteetako eskaintzari jarrituz.
Gaur aurkeztu dute jaialdiaren hamargarren edizioa Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak, eta Unai Zabala eta Uxue Bejarano Andra Mari Dantza Taldeko kideek.
Hernandoren hitzetan «bizi dogun globalizaziño honetan, garrantzitsua da Euskal Herriaren egoera antzekoan dagozan herrialdeak ezagutzea eta eurekaz harremanetan egotea». «Datozen taldeak ez datoz euren musikaren ordezkari bakarrik, euren herrialdearen ordezkari ere badatoz», azpimarratu du Espillak, eta Ibarrak Aldundiaren izenean gehitu: «Kultur aniztasunaren, transmisioaren eta jai giroaren jaialdia da Musika Bizian; Bizkaitik mundura eta mundua Bizkaialdera ekartzen dauana».
Talde antolatzailearen izenean, Zabalak Palestina ekarri du gogora: «Garai gogor hauetan, non estatu indartsu batzuk beste batzuk zapaltzen ari diran honetan, maitasunezko besarkada bidali gura deutsagu gure jaialdian izan genduan Palestina herriari». Zabalak Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eskertu ostean ekin diote aurtengo egitaraua azaltzeari:
Urriak 25, barikua
19:00 Taberna Ibiltaria, Santi Brouard enparantzatik
21:30 Brian Finnegan & Hunger of the Skin (Ipar Irlanda) eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak, Iturrondoko karpan
Urriak 26, zapatua
12:00 Luthier Azoka eta musika erakustaldiak zein umeentzako tailerrak Iturrondoko karpan, eta kale animazioa Xistra de Coruxo (Galiza) eta Ad Libitum (Galdakao) taldeekin
19:00 Burrunba elektrotxarangarekin kale animazioa, Santi Brouardetik hasita
21:00 Tomas Gallister & Friends (Man irlak), Xavi Sarrià (Katalunia) eta Leihotikan (Euskal Herria) taldeen kontzertuak, Iturrondoko karpan