Musukoen negazionista talde batek tren bat geldiarazi du Usansolora bidean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Juanma Aparicio
Lemoatik Usansolora bidean zegoen Euskotren bat behartuta gelditu du makinistak, musukoaren erabileraren aurka 30 lagun inguru protestan sartu baitira trenera. Gidariak Ertzaintza deitu du. Gertatutakoaren lekuko izan dira Binkeren irakurle batzuk eta hala kontatu diote aldizkari honi.
Gaur arratsaldean, Donostiatik Bilbora arteko Euskotrenen lineako bidaiariek ezustekoa eraman dute Usansoloko geltokira iritsi baino lehen, 18:30ean trena gelditu eta gidariak bidea jarraituko ez duela jakinarazi dienean barruan zeuden erabiltzaile guztiei. «Pertsona talde handi bat dago musukorik gabe eta nik ez dut bidaia horrela jarraituko», salatu du tren-gidariak kabinatik irten eta nasara irten denean.
Bertako bidaiariek Binkeri aitortu diotenaren arabera, «itxura guztiagatik Durangon sartu dira trenera adin guztietako 30 lagun inguru» eta musukoaren derrigortasunaren aurka aldarrikatu dira tren barruan. Gidariak horren berri izan duenean trena gelditu eta Ertzaintzari deituko diona ohartarazi die musukoaren aurkako herritarrei. Hauek kasurik egin ez eta poliziari hots egin dio Euskotreneko langileak.
Hamar minutu behar izan dute ertzainek trena geldirik zegoen puntura iristeko, Lemoatik Usansolora bidean. Orduan, lau ertzainek protestan ari zirenak identifikatu ditu, «baita horietariko bat poliziaren aurka oldartu ere», azaldu dio bidaiari batek aldizkari honi telefono bidez. Minutu gutxira beste tren bat iritsi da gertakariaren tokira eta negazionistak zeuden trena hustuarazi dute, musukoa jantzita zuten bidaiariak bigarren tren honetara pasa eta Usansolotik Bilbora arteko bidea normaltasunez egin ahal izateko.