Nagore de la Torre: «Produktu guztiak eskuz egiten ditu Enek»
Nagore de la Torre, Ene Kreazioak
BINKE / 2021eko azaroa
«Produktu guztiak eskuz egiten ditu Enek»
Ateak ireki berri ditu Ene dendak. Usansolon kokatuta dagoen denda berri hau aspalditik izan da abian online plataformetan, ez ordea formatu fisikoan, joan den urrian proiektuaren erantzule nagusi den Nagore de la Torrek (Usansolo, 1997) denda ireki zuen arte.
Denda berria, ezta? Bai, Ene denda fisikoaren ateak urrian zabaldu nituen. Hala ere, martxoan hasi nintzen nik ekoiztutako produktuak sare sozialen bidez saltzen eta ezagutzera ematen. Une horretara arte sortutako produktu guztiak nire inguruko pertsonen artean geratzen ziren.
Noiztik izan duzu buruan halakorik? Ene proiektua urtarrilean sortu zen, baina denbora-pasa besterik ez zen niretzako. Denborarekin eta harrera ona izan zuela ikustean, proiektu honek beste norabide bat hartu zuen. Ene produktuek espazio fisiko bat behar zutela ohartu nintzen, jendeak ikusi, ukitu eta probatu ahal izateko.
Noiz hasi zinen zure produktu propioak ekoizten? Orain dela bi urte bururatu zitzaidan nire produktuak ekoiztea; betidanik izan ditut eskulanak gustuko. Horretarako, interneten arakatzen hasi nintzen eta modu autodidaktan ikasi nuen guztia. Hasiera batean, lagunentzako estutxeak eta karterak egiten nituen, baina, denborarekin, produktuen barietatea handituz joan da: boltsoak, jakeak, frakak etab.
Zer da Ene? Zeintzuk dira bere oinarriak? Lege-zilarrezko osagarrien eta ehungaien diseinua eta fabrikazioa lantzen duen marka da Ene. Produktu guztiak eskuz egiten dira eta hauen ekoizpen etikoari garrantzi handia ematen zaio. Hau da, Enek produktu bakoitzaren ekoizpenaren atzean dauden prozesuak zaintzen ditu, bakoitzari dagokion balorea eta denbora emanez. Honekin batera, produktu lokalak erostearen eta artisau lanak baloratzearen garrantzia aldarrikatzen du.
Erraza al da negozio propio bat hutsetik hastea? Ez, zailtasun ekonomiko eta burokratiko handiak izan ditut bidean. Oztopoz beteriko bidea izan da eta laguntzak egon arren, ez da erraza hauek kudeatzen eta erabiltzen jakitea.
Izan al duzu laguntzarik hau dena egiteko? Prozesu honetan guztian inguruko pertsonen laguntza izan dut, azken finean ez da erraza tamaina honetako proiektu bat bakarrik sortzea. Bestalde, badaude ekintzaileentzako laguntza ekonomikoak. Hala ere, hauek eskatu egiten dira eta negozioarekin aurrera egiten duzun heinean, laguntza hauen ukapena edo onarpena jasotzen duzu.
Zer gomendatuko zenioke zure pareko zerbait ireki nahi duen bati? Norbaitek buruan ideia hau bueltaka izatekotan, egitera bultzatuko nioke. Izan ere, nahiz eta proiektu zaila izan, oso polita eta aberasgarria da!