Nahi Monge izango da Ibaizabal Saskibaloi Taldeko entrenatzailea beste denboraldi batez
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ibaizabal Saskibaloi Taldearen sareetatik
Ibaizabal Saskibaloi Taldeko neskek LF2 ligan jokatuko dute berriz hurrengo denboraldian eta Nahi Monge izango da taldearen entrenatzailea beste urte batez, klubak iragarri duenez.
Aurreko urtean liga irabazi eta igoera lortu ostean, LF2 ligan jokatu dute aurten Ibaizabal Saskibaloi Taldeko neskek. Ligan mantentzea lortu dute eta horrenbestez horretan lehiatuko dute hurrengo ikasturtean.
Nahi Mongek zuzendu zuen LF2 ligara bueltatzea lortu zuen taldea eta aurten ere bera izan da entrenatzailea. Klubak iragarri duenez, hurrengo ikasturtean ere jarraituko du Mongek Ibaizabaleko neskak zuzentzen.
«Denboraldi berri bat hastera doa eta berriz ere Nahi egongo da zelai ertzean gure taldea bide onetik gidatzeko asmoarekin. ¡Goazen coach!», adierazi dute Ibaizabal Saskibaloi Taldetik.
Mongeren laguntzaile lanetan izan den Ander Goirienak ere jarraituko du hurrengo denboraldian taldea zuzentzen.