«Norberarentzako denbora», Ane Belakortu
Ane Belakortu Lekue
BINKE / 2018ko iraila
Norberarentzako denbora
Urte honetan, 12 hilabete, 52 aste, 365 egun, 8.760 ordu, 525.600 minutu, 31.536.000 segundo ditugu eta jadanik erdiak baino gehiago igarota. Denbora guzti hori topera aprobetxatu duenaren hausnarketa egin al du norbaitek? Auskalo! Denok ditugu eginbeharrak, konpromisoak, lana, ikasketak, etab. baina horretaz aparte ere denbora librea edukitzea guztiz beharrezkoa dela egiaztatuta dago eta batez ere norberarentzako den une hura. Bizi garen gizarte azeleratu honetatik at ume txikiek bezala zeruko izarrak edota norberaren behatzak berriz ere kontatzeko, begiak itxiz eta aldi berean esna gaudela gustuko dugun momentu hartara bueltatzeko, txorien txioak edota itsasoaren doinua lasaitasunean entzuteko, haize hotza edota euri lanparrak norberaren aurpegian sentitzeko, egunean zehar egin ditugun ekintzak, ezagutu dugun jendea, ikusi ditugun paisaiak berriz ere gogoratzeko, edota egun eguzkitsu batetan belarretan etzan, arnasa gogotsu hartu eta ezer ez egiteko! Ez al da egia? Hala uste baduzu, badakizu, edonola zeuretzako unetxo bat atera gauza txiki baina garrantzitsu horiek egiteko, egiten duzunarekin emozionatu, irribarre egin eta zoriontsu izan geratzen den 2018. urtean zehar eta harago!