Oier Ibarretxe Parisen dago, Joko Olinpikoetan parte hartzeko prest
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gonzalo Rodríguez
Oier Ibarretxe boxeolariak Parisko Joko Olinpikoetan parte hartuko du eta honezkero hirian dago, Espainiako delegazioarekin. Galdakoztarra «urrezko dominaren bila» doa eta hori lortzeko bost borrokaldi irabazi beharko ditu. Hemen batu ditugu Ibarretxeren borrokaldien datak eta ordutegiak.
Duela ehun urte lehen aldiz Joko Olinpikoak antolatu eta gero, berriz hartuko du ekimena Parisek barikutik, uztailak 26, aurrera. Guztira 206 herrialdeko 15.000 kirolari inguru batuko dira Frantziako hiriburuan, kirol ezberdinetan lehiatzeko.
Guzti hauen artean galdakoztar bat izango da: Oier Ibarretxe. Gazteak Emilio Garcia estatubatuarraren kontra irabazi zuen Bangokek antolatutako aurreolinpikoetan eta honi esker Parisko Joko Olinpikoetan parte hartuko du, 63,5 kg azpiko kategorian.
Pasa den hilabeteko BINKEren azala izandakoa «urrezko dominaren bila» doa Parisera, prestakuntza luzea egin ondoren.
Urrezko domina lortzeko, bost borrokaldi irabazi beharko ditu Ibarretxek. Zapatuan izango da lehenengoa eta hauek dira finalera heltzekotan izango lituzkeen borrokaldien datak eta ordutegiak:
- Uztailak 27, 17:05ean edo 21:35ean: final hamaseirenak
- Uztailak 29, 11:45ean, 16:00etan edo 20:45ean: final zortzirenak
- Abuztuak 1, 12:50ean, 17:35ean edo 21:20ean: final laurdenak
- Abuztuak 4, 12:35ean edo 17:05ean: finalerdiak
- Abuztuak 7, 22:30ean: finala
Joko Olinpiko osoak eta Ibarretxeren borrokaldiak Max plataformaren bitartez jarraitu ahal izango dira eta informazio gehiago ezagutu daiteke Joko Olinpikoen webgunean.