«Olabarrieta historian», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2023ko apirila
Gaurko Olabarrieta auzoak historiaurrean ere bizilagunak zituen, bertan aurkitutako harrespila lekuko. Erdi Aroan haizeolak zeuden, auzoaren izenean betirako gelditu dena: «Ola barrien lekua». Bertatik, Bilboko Errege Bidea zetorren Urretarantz eta Aperribai familiaren lurrak ziren, burdinola, errota-zahar bat eta dorretxe batek osatzen zuen jaurgoa (gaurko jauregiaren ondoan); nafar kateak zituzten euren armarrian herriko nagusien artean ohizkoa zena.
Dokumentatutako lehen biztanlea Martín de Olabarrieta da 1375. urteko erroldan. Olabarrietan harrobi bat zegoen eta bertako harriekin eta Abusutik ateratakoekin, Zabaleako Santa Maria eliza eraiki zuten 1896. urtean.
Bizkaian eman zen Industria Iraultzaren testuinguruan, Galdakanok XX. mendearen hasieran garapen handia eduki zuen biztanleria eta ekonomiaren aldetik. Firestone Hispania S.A. izen bereko amerikar enpresak eta bertoko Bizkaia eta Bilboko bankuek sortu zuten 1926an. Basauriko Urbi lantegi nagusia eta bulegoak 1933an inauguratu zituzten. Handik gutxira, Usansoloko zeharrolaren lekuan eraikia zegoen Hierros San Juan erosi zuten, gaurko Josefina lantegia 1938an sortuz, leku bi hauetatik igarotzen zen trena aprobetxatuz.
1947. urtean Firestoneko Juan A. Oloriz gerentearen eskutik, Olabarrietako Iñigobason eta Urbitik parez-pare, Iparraldeko euskal-estilozko 62 etxe bikoitz zituen aurreproiektua, La Realeza de Santa Maria eliza, eskolak, ekonomatoa eta Zentro Soziala eraiki ziren, espainiar faxismoaren erruz jendeak pairatzen zuen gosetea lausatzeko asmoz.