Olabarrietako Katamar haurreskolan estalkia jartzeko lanak astelehenean hasiko dituzte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Olabarrietako Katamar haurreskolako patioak estalkia izango du hurrengo ikasturtean eta horretarako lanak astelehenean, uztailak 15, hasiko dira.
Auzokideek urtetan egindako eskaerari erantzunez, Olabarrietako Katamar haurreskolan estalkia jarriko du Galdakaoko Udalak. Lanak astelehenean, uztailak 15, hasiko dira eta sei aste irautea aurreikusi dute.
Hala, ikasturtea hasterako jarrita egongo da estalki berria, 60.000 euroko kostua izango duenak.
Estalkiaren egiturak metala eta egurra nahastuko ditu eta estalkiaren beraren materiala zeharrargia izango da, argi naturala sartu dadin. Aldi berean itzala egingo du, halere, eguzkiak gogor jotzen duen lekua baita. Ilun dagoenerako, argi puntuak izango ditu, led motakoak.
Estalkia jartzeko lanak amaitzean, patioko lurra ere konponduko da, hainbat lekutan zartatuta dagoelako. Gomazko zoru berria ipiniko da patioan eta berritua geratuko da haurreskolako kanpoaldea.