Orioak: «Ez dugu kiroldegietan sartzeko eskubiderik talde berriok»
Orioak Saskibaloi Taldea
BINKE / 2019ko abendua
«Ez dugu kiroldegietan sartzeko eskubiderik talde berriok»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Orioak taldea
Ibaizabal Saskibaloi Taldetik irten eta lehiakortasuna lagun-taldearekin uztartuko duen saskibaloi klub berria sortu dute hainbat gazte galdakoztarrek. Ordea, ez dira hasiera erraza izaten ari, ez omen dutelako —euren hitzetan— kiroldegietan entrenatu eta jokatzeko aukerarik.
Ezer baino lehen, zergatik Orioak izena? Istorio luzea da, egia esan. Berez, «oreoak», Bizardunak taldearen abesti baten asko aipatzen den berba da, eta guri asko gustatzen zitzaigun. «Oreoak» hitza gaileten enpresa denez letra bat aldatu behar izan genuen eta, kasualidadez, Orio herrian sortutako ideia izan zenez, horrela deitzea pentsatu geuen, nahiz eta gehienak galdakoztarrak garen. Lelokeria bat dela ematen du, badakigu (barreka), baina talde honek suposatzen duena, honen eratorria eta taldea aurrera eramateko behar izan duen esfortzuak… ez du preziorik.
Eta zergatik sortu duzue taldea? Ia gehienok Ibaizabal Saskibaloi Taldetik alde egin genuelako. Urte asko eman ditugu Ibaizabalen jokatzen eta iaz talde berri bat sortzeko momentua iritsi zela erabaki genuen. Hainbat bilera egin eta gero, Ibaizabaleko zenbait jokalariok aldaketa heltzear zegoela uste genuen eta denok elkarrekin jolasteko aukera bakarra bertatik alde egitea izan zen. Nolabaiteko autokoordinazioa behar genuen. Talde hitzaren esanahia lortu nahi genuen, lehiakortasuna lagun taldea izatearekin uztartuz.
Txarto Ibaizabalekin, beraz? Ez daukagu inongo eragozpenik Ibaizabalekoekin, alderantziz, lagunak gara eta beraien partiduetara joaten gara noizean behin animatzera.
Baina ari zarete dagoeneko partidak jokatzen? Bai horixe, Bizkaia mailan jokatzen dugu eta dagoeneko partidu guztiak irabazi ditugu. Talde berria garenez gainera, azken mailatik hasi behar izan dugu guri dagokigun mailara iritsi arte.
Jokatu eta entrenatu, non egiten duzue? Egia ikastetxeko zelaian astearteetan; azteazkenetan, ostiraletan eta partiduak Urreta ikastetxean, ez dugu beste aukerarik…
Zergatik diozue ez duzuela beste aukerarik? Udaletik denboraldi hasieran esan ziguten, «politika berria» dela eta, talde berriek ez dugula Galdakaoko kiroldegietan sartzeko eskubiderik. Abuztuan Kirol Arloko zinegotziarekin bildu ginen gure egoerari buruz hitz egiteko eta honek baieztatu zigun lekua bazegoela entrenatzeko eta partidak jokatzeko. Beraz, Udaleko langileekin harremanetan jarri ginen eta berehala hasi ziren arazoak… Ezetz eta ezetz, orain arte. Antza, ezin izango gara sartu, ezta dutxa sinple bat hartzeko ere. Izugarri harritzen gaitu honek, jakin badakigulako entrenatzeko toki libreak badaudela Unkina kiroldegian, adibidez, baina hobe inork ez erabiltzea antza, talde berri batek erabiltzea baino.