Osakidetzak Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileei adostutako osagarria ordaindu ez diela salatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Hainbat hilabetetan zehar mobilizazioak egin ostean, %4ko osagarria ordaintzea adostu zuten ekainean Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek Osakidetzarekin. Azken honek akordioa «ez duela bete eta osagarria ordaindu ez duela» salatu du ELA sindikatuak.
Hainbat eta hainbat hilabetetan zehar mobilizazioak egin zituzten Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek euren soldata Osakidetzan lehenengo arretan dauden langileek dutenarekin parekatzeko.
Zehazki, %4ko igoera eskatu zuten eta hau onartu zuen Osakidetzak, langileekin akordioa sinatuz ekainean. Binkek jaso zuen moduan, Usansolo ospitaleko TGEEZ-ko ia 130 langileek osasun zentroko beste langileek jasotzen duten %4ko osagarria kobratzea adostu zuten.
Sindikatuek ordea Osakidetzak akordio hau «bete ez duela eta osagarria ordaindu ez duela» salatu dute. ELA sindikatuak azaldu duenez, «aitzakiatzat jarri dute akordioa ez duela onartu Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak».
«Hori ez da berria: gauza bera gertatu zen LABek, CCOOk eta UGTk adostu zutenean Osakidetzak 2013tik 2021era bitarteko Lanbide Garapenagatik langileei zor zizkien zenbatekoak kentzea. 2019tik bakarrik ordaindu zen, eta akordioa sinatu ondoren, beharrezkoa izan zen gehiengo sindikalak, besteak beste ELAk, grebak deitzea, azkenean Osakidetzak LABekin, CCOOrekin eta UGTrekin adostutakoa ordain zezan, urtebete baino gehiagoren ondoren», azaldu dute.
«Argi dago mobilizaziorik gabe Osakidetzak ez diela Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileei zor dizkien kopuruak ordaintzen», azpimarratu dute, eta abenduaren 19ko sektore publikoko grebarekin bat egitera animatu dituzte langileak.