Osakidetzak Usansoloko ospitalea handitzeko lizitazioa atera du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
Osakidetzak Usansoloko ospitalea handitzeko lanak egingo ditu eta hauentzako lizitazioa atera du. Guztira 150 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du, kanpo-kontsultetarako eraikin berria sortzeko, kanpoaldea egokitzeko eta aparkalekua egiteko.
Osakidetzak Usansoloko ospitalea handitzeko eta zerbitzuak hobetzeko lanak egingo ditu hurrengo hilabeteetan. Zehazki, 150 milioi euro inbertituko ditu kanpo-kontsultetarako eraikin berria eraikitzeko, kanpoaldeak egokitzeko eta aparkalekua egiteko eta lizitazioa atera du honezkero.
Eraikin berriak 58.000 m²-ko azalera izango du 9 solairutan banatuta. Eraikina hiru eremu handitan bereiziko da. Lehena asistentzia-erabilerarako eremua izango da eta bertan kokatuko dira kanpo-kontsultak, erradiologia anbulatorioa eta farmazia anbulatorioa. Bigarren eremuan, zuzendaritza- eta administrazio-eremuak eta irakaskuntza-gelak egongo dira, eta, azkenik, eraikinak 1.129 plazako aparkaleku handi bat izango du 5 solairutan, egungo aparkatze-arazoari erantzungo diona.
Maila asistentzialean, kanpo-kontsultetarako eraikin berrian 200 gela baino gehiago egongo dira kontsultak eta probak egiteko, eta bost gela balio anitzeko prozeduretarako, urologiatik eta dermatologiatik hurbil. Era berean, erradiologia-eremuak bi mamografia-gela, bi teleaginte-gela, bi TAC-gela eta sei ekografia-gela izango ditu. Alde horretatik, eraikin hori diseinatzean aintzat hartu den malgutasuna nabarmendu behar da, behar berrietara egokitzeko aukera ematen baitu, bai diseinu- eta eraikuntza-prozesuan, bai gainerako balio-bizitzan.
Era berean, azpiegitura berri horri esker, egungo ospitaleko eraikin nagusian espazioak libre geratuko dira, eta, hala, etorkizunean, endoskopia-eremua zabaldu eta egokitu ahal izango da, bronkoskopiarako eta arnas-errehabilitaziorako pneumologiako ospitale-eremua handitu ahal izango da, edo larrialdi-zerbitzua handitu ahal izango da. Gainera, kardiologia-zerbitzua bateratzea, eguneko ospitale medikoa handitzea, beste ospitalizazio-unitate bat gaitzea eta logistikako beste arlo batzuk hobetzea aurreikusi du Osakidetzak.