Ospitaletik kanpo dago atzo Zamakoako sutean kaltetutako bizilaguna
Ezbeharra
BINKE / 2022ko apirila
Ospitaletik kanpo dago atzo Zamakoako sutean kaltetutako bizilaguna
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa eta sareetatik jasotakoak
Sutea piztu zen atzo arratsaldean Zamakoa kaleko 27-29 zenbakien arteko garajeko trasteleku batean, eta bolo-bolo ibili ziren sareetatik ezbeharraren argazkiak. Horietariko irudi batzuk Aitzol Zamalloak ateratakoekin batera batu ditugu hemen. Jabea ospitalera eraman zuten, baina onik dagoela jakin du Binkek.
Zamakoa kale galdakoztarraren 27-29 zenbakien arteko garajean sua piztu zen atzo arratsaldean, -1 solairuko trasteleku batean. Ezbehar honen inguruko irudiak berehala zabaldu ziren sareetan, eta okerrena, erretako ondasunaren jabea ospitalera eraman behar izan zutena —kea arnastu baitzuen—. Baina onik dago eta alta gauean bertan eman zioten.
Suhiltzaileak berehala iritsi ziren ezbeharraren lekura, eta sua arin kontrolatu zutela kontatu diote Binkeri Galdakaoko Udaltzaingotik. Ordea, ezin izan zuten saihestu trastelekutik gertu zeuden solairuko kotxe bi kaltetuta geratu izana. Sua erabat itzali zuten 19:00 pasatxo.
Gaur jakin du Binkek kea arnasteagatik kaltetuta ospitalera eraman zuten bizilaguna onik eta etxean dela dagoeneko. Orain, sutea zergatik gertatu zen ikertzen ari dira.
Bertan batu ditugu Aitzol Zamalloaren zenbait argazki, baita sareetatik bidali dizkigutenak ere: