Ostalaritza Eskolako Noemi Arroyok bigarren saria lortu zuen Spainskills txapelketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ostalaritza Eskola
Apirilaren 9tik 13ra Lanbide Heziketako Spainskills txapelketa antolatu zen Madrilen eta honetan, besteak beste, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako bi ikaslek parte hartu zuten Euskal Selekzioarekin. Noemi Arroyok bigarren saria lortu zuen okintza modalitatean.
Bi urtean behin Spainskills Lanbide Heziketako Spainskills txapelketa antolatzen du Espainiako Gobernuak eta aurten Madrilen izan zen apirilaren 9tik 13ra. Lehiaketa horretan autonomia erkidegoetako selekzioek parte hartu zuten, besteak beste, Euskal Selekzioa.
Talde hau Lanbide Heziketako hainbat ikaslek osatu zuten, tartean Galdakaoko Ostalaritza Eskolako bik: Urdax Otaegi, Jatetxeko Zerbitzuen modalitatean, eta Noemi Arroyok, Okintzan. Azken honek bigarren saria lortu zuen, hau da, zilarrezko domina.
Arroyok Okintza, Gozogintza eta Konfiteria Erdi Mailako Gradua ikasi zuen eta egun Artisau-Okintza eta -Opilgintzako Espezializazio-Ikastaroa ikasten ari da.
Otaegik eta Arroyok Spainskills txapelketan parte hartzeko aukera izan dute pasa den urtean Euskadi mailan lortutako garaipenari esker, Xabier Urrutibeaskoa irakasleak BINKEri azaldu dionez.