
Otzagaraira bisita, risoterapia tailerra eta ongizateari buruzko solasaldia, Galdakaoko adinekoentzat
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: P. Córdoba
Galdakaoko Udalak adinekoei zuzendutako hiru ekintza antolatuko ditu martxoan. Hauetako bi, Otzagaraira bisita eta ongizateari buruzko hitzaldia, bihar izango dira.
Zahartze aktibo eta osasungarriago bat sustatzeko helburuz, herriko adinekoei zuzendutako ekintzak antolatzen ditu Galdakaoko Udalak urtean zehar. Hilabete honetarako zehazki, hiru prestatu ditu eta hauetako bi izango dira.
Batetik, Arrigorriagatik abiatuta, Otzagaraira irteera antolatu dute biharko. Hitzordua goizeko 08:30ean izango da metrorako lantzaderaren geltokian, Juan Bautista Uriarte kaleko 49 zenbakian dagoen autobus geltokian. Izena ematea beharrezkoa da eta gehienez 30 lagunek egin ahal izango dute ibilbidea.
Bestetik, bihar ere, 17:30ean, Lagun Artean adinekoen elkarteak ‘Giltzurrunetako gaixotasunak’ hitzaldia hartuko du, Bizkaiko Giltzurruneko Gaixoen Elkartearen (ALCER) eskutik. Bertara joan ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da.
Azkenik, apirilaren 28tik aurrera, risoterapia tailerrak antolatuko dituzte astelehenero. Taldeak 20 lagunekoak izango dira eta parte hartu ahal izateko izena eman behar da.
Gainera, nahi duenak oraindik izena eman dezake maiatzaren 25etik 30era bitartean Toledo eta Orgaz/El Toboso bisitatzeko antolatu den bidaian. Prezioa 573 eurokoa da. Bisitan Puy du Fou parke tematikoan egiten den «Toledoko ametsa» ikuskizunera sartu ahal izango da.
Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik ostiralera, eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez 2 inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.