Palestinak berebiziko protagonismoa izan zuen Galdakaoko udal osoko bilkuran
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ezker Anitza
Eguenean, apirilak 27, Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen eta honetan Palestinaren egoera izan zen eztabaidatu zen gaietako bat. EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten «Palestina babesteko».
Ohi duenez, udal osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak apirilaren 27an, hileko azken eguenean. Hitzorduan hainbat gai jorratu zituzten taldeek eta eztabaida handiena sortu zuena Galdakaoko Udalaren eta Usansoloko Udalaren arteko hitzarmena izan zen, BINKEk jaso zuen moduan.
Saioan ordea, Palestinak ere berebiziko garrantzia izan zuen, izan ere, EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten «Palestina babesteko». Eusko Legebiltzarrak onartua duen eta EAJk aurkeztu zuen Palestina eta Ekialde Hurbila Babesteko mozioa onartu zen, batetik, aho batez.
«Gogor deitoratzen eta gaitzesten ditu Palestinako zein Israelgo persona zibilen hilketa guztiak. Hamasek urriaren 7an Israel hegoaldeko biztanleria zibilaren aurka egindako eraso indiskriminatua eta
Israelgo Estatua Gazako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den erantzun krudel eta neurrigabea onartezinak eta gaitzesgarriak dira», batzen du testuak, eta su-eten «iraunkorra» eskatzen dio Israeli, Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako behin-behineko neurriak aplikatuz.
Bestetik, EH Bilduk aurkeztu zuen Gernika-Palestina herri ekimenaren mozioa ere onartu zen, kasu honetan EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin.
Mozio honetan, besteak beste, «erasoak berehala gelditzeko eskatu, eta Israelgo armada Palestinatik
erabat erretiratzeko» deia egin zuten, Galdakaoko Udalak «Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen dituela» azpimarratuz.
«Europako Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko eragileei Israeli
laguntza humanitarioari sarbidea emateko mugak berehala zabal ditzan exijitzeko eskatuko die
Galdakaoko Udalak», batzen du ere testuak.