Pertsona baten gorpu hila aurkitu dute Bengoetxen, argiteriako kutxa baten barruan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ertzaintza, artxiboko irudia
Bengoetxe auzo galdakoztarrean ustez kablea lapurtzen ari zen gizon baten gorpua aurkitu du gaur bizilagun batek, argiteriako kutxa baten barruan.
Identifikatu gabeko gizon baten gorpua aurkitu du gaur goizean Bengoetxeko bizilagun batek, Galdakaon. Bide publikoan, argiteriako kutxatila baten barruan zegoen gizona. Lehen abisua martitzen honetako goizeko zazpiak hamar gutxitan jaso da. Ertzaintzako zenbait kide aipatutako auzora joan dira eta pertsona pultsurik gabe zegoela egiaztatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, instalaziotik kablea lapurtzeko asmoz estolda manipulatzen ari zela hil ote zen ikertzen ari dira orain poliziak.
Bizilagun batek goizeko lehen orduan aurkitu du gorpua, argiteria publikoko kutxatila baten barruan, auzo galdakoztarrean, eta, itxuraz mugitzen ez zenez, SOS Deiak-112 zerbitzura deitzea erabaki du, eta honek polizia eta osasun baliabideak bidali ditu Galdakaora. Suhiltzaileak eta teknikariak ere mobilizatu dituzte.
Gertatutakoa ikertzen ari dira orain Ertzaintza eta mediku-forentsea.