Planeta editorialak Jon Azkueta usansolotarra fitxatu du
Literatura
BINKE / 2022ko maiatza
Planeta editorialak Jon Azkueta usansolotarra fitxatu du
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Jon Azkuetak bidalitakoa
Editorial Planeta argitaletxeak Jon Azkueta idazle usansolotarra fitxatu du, azken honen «69 segundos para conquistarte» liburu berria fisikoki argitaratzeko. Ekainaren 8an kaleratuko da, eta Galdakaoko liburu-denda guztietan ere izango da salgai.
Txikitatik du idazteko ohitura Jon Azkueta Castrok (Usansolo, 1998), eta ohitura hori Wattpad online plataforman egin du publiko 2017tik. Irakurleen eta idazleen sare honetan milioika irakurraldi dituzte bere lanek, eta bertan argitaratzen hasi zen urte berean irabazi zuen Wattys saria, plataforma honek eskaintzen duena.
Digitalki bost liburu argitaratu ditu idazle usansolotarrak. Baina orain bigarrenez egingo du fisikoan, paperean, «69 segundos para conquistarte» liburuarekin. Ez da edozein liburu gainera, Planeta editorialaren arreta deitu eta editore ezagunak fitxatu egin baitu Azkueta, bere azken lana editorial ezagunaren Crossbooks gazteentzako zigilupean argitaratzeko.
Zigilu honekin argitaratzeak esan gura du 12 urtetik gorakoentzako liburua izango dela ekainaren 8an kaleratuko duena. Liburu-denda gehienetan izango da salgai, baita Galdakaokoetan ere.
Paperean kaleratuko duen liburu berria ez da hain berria Wattpad plataformako jarraitzaileentzat, digitalean dagoeneko argitaratuta dagoelako eta honezkero bi milioi eta erdi irakurraldi baino gehiago dituelako. Honek deitu zuen, alegia, Editorial Planeta argitaletxearen arreta.
Gainera, behin liburua ekainaren 8an argitaratuta, Azkueta bera Madrilen eta Bilbon izango da liburuak sinatzen: Madrilen ekainaren 10ean eta 11n eta Bilbon 17an, Indautxuko Campus liburu-dendan.
Jon Azkueta bera Binkek ezagutzera eman zuen 2020ko abenduan, bere lehen liburu fisikoa kaleratu zuenean, Beñat Armentiak egindako elkarrizketa batean.