Poltsa berrerabilgarriak banatzen ari dira udalerriko saltokietan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Sadeugra Copyleft
Galdakaoko eta Usansoloko elikagaien denda txikietan poltsa erabilgarriak banatzen hasi dira, gaur eguaztena, kontzientziatzea zein hondakin plastikoa murrizteko eta herritarrak tokiko merkataritzara erakartzeko.
Galdakaoko eta Usansoloko elikagai denda txikietan erabilera bakarreko poltsen kontsumoa murriztearen alde lan egin gura dute Gu Dendari elkarteak eta Galdakaoko Udalak. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza tarteko, bezeroei poltsa berrerabilgarriak banatzen ari zaizkie gaurtik —eguaztena azaroak 2— aurrera.
Guztira 8.000 poltsa jarriko dira gaurtik aurrera bezeroen eskura. Modu honetan, «erabilera bakarreko hondakin plastikoak murrizteaz gain, ekimen honen bidez bertako saltoki txikien kontsumoa eta Galdakaoko Km 0 produktua ere bultzatu nahi dira», Udalaren esanetan. Poltsa horiek «elikadura erabilerarako egokiak dira, eta tamaina praktikoa izango dute soinean eramateko eta edozein unetan eta egunero erabili ahal izateko, edozein pertsonaren egunerokoan ezinbestekoa izan dadin», azaldu zuen udalerriko erakundeak ohar bidez.
Urri hasieran egindako landa lanaren arabera, Galdakaoko elikadura denda txikien %80k baino gehiagok banatuko dituzte poltsa berrerabilgarriak bezeroen artean. Zehazki, 8.000 unitate banatuko dira bihartik, azaroak 2, aurrera. Herritarrek erraz identifikatu ahal izango dituzte saltoki horiek beren establezimenduetan jarriko duten identifikazio posterraren bidez.