«Reset botoia», Jose Inazio Basterretxea
Erretratuak
Jose Inazio Basterretxea Polo
BINKE / 2020ko maiatza
Reset botoia
Upoko tontorra… pago gazteen hosto biziak alde batera, Gorbeiako Gurutzearen distira bestera, eta haizea firin-faran itsasoaren bila. Sei lagun zirkuluan jarrita, aparte samar. Nork bere ogitartekoa. Nork bere ur-botila. Garbitasuna,…
Ikusi mendizaleak…
Serioa izan da larrialdia gutako bakoitzarentzat. Eta danon hobe beharrez onartu dogu sufrikarioa. Bildurrak, obedientziak eta autokontrolak gidatu dabez herritar gehienon urratsak udabarri korapilo honetan.
Serioa izan da larrialdia gizartean. Maila politiko, sanitario eta sozialean, indartsu eskobatu dira hainbat eskubide, aginte hiper-zentralizatuaren izenean. Ezelako beharrizan barik, soldaduak atara deuskuez kaleetara eta plazetara. Lantegiak eta ikastegiak dar-dar batean dagoz. Inposizioak uneoro, han eta hemen, hau dala eta bestea dala. Baltzaren baltzaz, gerizpe ilunetan mugitu gara.
Ez da onartzeko erraza zein buztinezko hankak dituen euskal autonomiak. Zein lastozko buztana daukan munduak berak. Zein portzelanazkoak garen gu-geu ezbeharraren aurrean.
Geure bizitza-ereduak, kontsumo-azturak eta energia-erabilerak zuzentzen eta egokitzen ez badoguz, nork bereak… bata bestearen atzetik etorriko dira munstroak eta piztiak. Eta ogigaztaia uxatzeko, kontu jakina da zapata zaharrak eta berakatza erre behar dirana. Reset.
Estropezu egin dau munduak une batez; itxura batean, agortu eta ahitu egin da. Baina, bolu zaharragaz jarri gura badogu abian errota barria, ihesi joango da ura estoldan behera, indarge…
Ez nekeak, ezta bide txarrak…