Rockein lehiaketak parte hartze marka hautsi du zortzigarren urtez jarraian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pasa den astean itxi zen Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzenduta dagoen Rockein musika lehiaketaren 11. edizioan izena emateko epea. Guztira 191 proiektuk parte hartuko dute aurten, zortzigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz. Finala azaroaren 18an izango da Basauriko Social Antzokian.
Pasa den astean, uztailaren 11n, itxi zen Rockein musika lehiaketaren 11. edizioan izena emateko epea. Txapelketa Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzenduta dago eta Basauriko Udalak antolatzen du, Galdakao, Arrigorriaga, eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
Antolakuntzak iragarri duenez, zortzigarren urtez jarraian parte hartze marka hautsi du lehiaketak, 191 proiektuk izena eman ostean. Proposamenen artean 31 tokikoak dira eta hortaz Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat dute gutxienez.
Euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagaiak ordea 40 dira eta 19k Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute, gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten proiektuak.
Epaimahaiak batu ditu honezkero proposamen guztiak eta orain azaroaren 18an Basaurik Social Antzokian egingo den finalean zein talde edo bakarlarik joko duten erabaki behar du.