Rokodromoa berriztu eta ireki du Ganguren Mendi Taldeak
Eskalada
BINKE / 2021eko urtarrila
Rokodromoa berriztu eta ireki du Ganguren Mendi Taldeak
TESTUA: Edu Olea
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Rokodromoa berriztearekin batera, Gangureneko monitore batek eskaladan murgilduko ditu zaleak astero.
Eskaladaren «boom»-a 70 eta 80. hamarkadetan eman zen gure lurralde osoan. Jarduera honen hazkundea gure herrietan ere oso nabaria izan zen Ganguren Mendi Taldearen esanetan: «Eskalatzaileak entrenamenduari garrantzia handia ematen hasi ziren, mendian egin beharreko ariketa fisikoak eta teknikoak hobetzeko entrenamenduari heldu zitzaion…». Eta horregatik, hain zuzen, 1980. urtean Ganguren elkarteak bere egoitzan rokodromo bat eraikitzea erabaki zuen. Urte batzuk geroago, rokodromoari beste bi panel gehitu zizkioten, «garai berrietara egokitzeko nahiarekin», elkarteko arduradunek Binkeri azaldu diotenez. Bi panel berri horiek resinazko heldulekuz betetako horma mugikor bi izan ziren, mugikortasun honekin inklinazio ezberdinak lortu ahal izateko.
Baina garaiak aldatzen doaz , eta berarekin garai berriek eskatzen dituzten beharrizanak. Hori horrela, 2019aren hasieran, mendi taldearen zuzendaritzak aipatutako instalazioen erabilera sustatu behar dela erabaki zuen. Horretarako, berrikuntza batzuk egin ziren gune horretan: bertan zegoen materiala eguneratu egin zuten batetik, eta eskaladaren oinarrizko tekniken irakaskuntza eskaintzeko proposamena egin zen bestetik.
Erabaki hori hartu osteko urtea jakina da ez dela oso emangarria izan kirol esparru batzuentzat ere, baina aurten gogor ekin dio Ganguren Mendi Taldeak «boulder» eta eskaladako hormei zukua ateratzeari. Eta azken bultzada hori emateko hobekuntza gehiago egin dizkio guneari: panelen mekanismoa berriro berriztu da, helduleku guztiak desmontatu eta modu berri batean antolatu daitezke —eskalada-maila desberdinetara egokitu ahal izateko—, gelari kolorea eman zaio graffitien bidez eta monitoreak kontratatu dira eskaladaren munduan murgiltzen joan ahal izateko. Mugimendu-sekuentziak, jokoak, blokeak, luzaketak… egin ahal izango ditu interesa duen orok Ganguren taldeko rokodromoan.
Horretarako, interesa duen edonor eskaladaren lehen urratsak ematera gerturatu daiteke asteazkenero 20:00etatik 21:00 bitarte, «beti ere modu seguru eta dibertigarrian», azaldu dute Gangureneko arduradunek.