Sagarminagak eta Eibarrek Ipar Kanalaren erronka azaltzeko hitzaldia eskainiko dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kokoak Gara
Iskander Sagarminaga igerilaria Ipar Kanalaren erronka egiten saiatu zen abuztuaren 31n baina itsasotik aterarazi zuten, «itsaso zakarraren» ondorioz. Sagarminagak erronka hau azaltzeko hitzaldia eskainiko du Galdakaon urriaren 3an, Eider Eibarrekin batera.
Itsaso zabaletik eta neopreno barik lotu zituen pasa den urtean Ingalaterrako eta Frantziako kostaldeak igerian Iskander Sagarminaga galdakoztarrak. Euskal Herrian bost igerilarik baino ez dute lortu erronka hori eta bidelagun izan zuen Eider Eibar ilustratzailea.
Aurten erronka berri bat egiten saiatu da, kasu honetan Ipar Kanalekoa. Sagarminagak Ipar Irlandatik Eskoziara 45 kilometro egin nahi zituen, 12-13 ordu emanez 12 graduko uretan, neoprenorik gabe.
Abuztuaren 31n erronka egiten hasi zen Sagarminaga baina itsasoan kilometro batzuk egin eta gero, bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, «itsaso zakararren ondorioz». «Haize eta olatu handiak zeuden eta ezin genuen nahi genuen noranzkoa hartu. Itsasoa oso bortitz jarri zen eta itsasontziko kapitainak Iskander uretatik ateratzeko agindua eman zuen», azaldu zuten sare sozialetatik.
Urriaren 3an erronka honi buruzko informazio gehiago eskainiko dute Sagarminagak eta Eibarrek, Galdakaoko Basoa Tabernan 19:00etan antolatu duten hitzaldian.