
«Sanblasak Gorbeialdean», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2025eko otsaila
Zezeilaren 3an ospatzen dogu San Blas eta Gorbeialdean ermita bi daukaguz bere izenean, bata Zeberioko Saldarian auzoan eta bestea Zeanuri eta Dimaren artean Urregiko mugan. San Blas, Armeniako Sebastekoa zan, mediku eta gotzaina eta IV. mendean martirizatu eben. Euskaldunok patronotzat daukagu San Blas eta, besteak beste, kordoi bedeinkatua eroaten dogu bederatzi egunez samako minaren erremedio lez. Saldariango San Blas, San Pedrogaz batera dago baina Urregikoan bera bakarrik. Ermita hau berezia da. Zergaitik? Ba, Aiko. Lekuz, Dima eta Zeanuri arteko mugan dago, eta jai ospakizuna tandaka egiten da. Zezeilaren 3a negua danez, 1936rik hona bagilaren lehenengo domekan ospatzen da jaia. Ezin itxi aipatu barik jai horretako erromerian gertatzen zana. Harako 1931 Erramu egunean, Zeaniztarrek zin egin eben plazan misiolariagaz dantza-baltseorik ez egiteko gehiago Zeanuriko herrian. Eta San Blasetan zer? Ba, jotea Zeanuri partean egin eta baltseoa edo agarradua egiteko Dima partera pasatu. Kontuak kontu, San Blas jai polita izan dogu eta hala bedi etorkizunean.