San Juan bezperarako gazte sortzaile berrien bila ari da Zizpa
Kultura
BINKE / 2022ko ekaina
San Juan bezperarako gazte sortzaile berrien bila ari da Zizpa
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Azken urteetan hasitako dinamikarekin jarraituz, aurreko urteen antzera aurten ere San Juan bezpera antolatzeko asmotan dagoela helarazi du Zizpak. Berriki sareetan jakinarazi dutenez, Galdakaon aurki daitezkeen gazte sortzaileak bistarazi nahi ditu konpartsak, eta honetarako deialdi zabala egin dute.
Urte berezia ari da ospatzen aurten Zizpa Gazte Konpartsa. Duela 25 urte jaio zen, eta urteurren honi bestelako kutsu bat eman nahi izan diote, ekintza bat —edo gehiago— antolatzen hilabete bakoitzean. Joan den astelehenean eman zuten jakitera sareetan ekainean zehar eskuartean dituzten ekintza nagusiak zeintzuk diren: batetik, konpartsara jende berria erakartzeko asmoz bilera ireki bat antolatu dute ekainaren 17an, 19:00etan Ardanza Parkean, «lunch» eta trikipoteo batez lagundua izango dena.
Aurreko hau ez da ordea hilabete honetarako prestatu duten egite bakarra. Goiko lerroetan esan bezala, orain gutxi zabaldu zuten sareetan aurten ere direla San Juan bezpera antolatzekoak. Konpartsak Binkeri helarazi dionez, datorren ekainaren 23an bi izango dira egunaren baitan eskuartean dituzten ideiak: gazte sortzaileen azoka eta gazte sortzaileen kontzertuak.
Ez da berria konpartsak halakorik antolatzen duela San Juan bezperako egunean. Iaz, esaterako, Kurtzeko frontoia lepo bete zuten Momoak Talde Feministarekin batera antolaturiko kontzertuetan. Edo, pandemia aurretik ere egin zuten antzeko ezer. Aurten berriz «aurpegi berrien bila ari dira», bai musika arloan eta baita sormenarenean. Jada lotuta dituzten kontzertuez gain, «orain arte ezagunak ez diren musikari berriak taula gainean ikusi nahi dituztela nabarmendu dute» kontzertuei dagokienez, edo, sormenarekin lotura duen bestelako modalitate orotan diharduen edozein gazte —idazle, argazkilari, arropa edo telazko poltsa egile, jostun, margolari, garagardo ekoizle, artisau,…— ere bertan parte hartzera gonbidatu dute antolatzeko asmoa duten azokara.
Asmorik izatekotan, harremanetan jartzeko sareetatik idatzi edo norberak ezagunak izan ditzaken konpartsako edozein kiderengana jo beharra dagoela helarazi diote Binkeri.