Santakurtzetako kontzertu nagusi guztiak talde euskaldunenak izango dira
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Aurtengo Santakurtzetako kontzertu nagusi guztiak euskaldunak izango direna aurreratzeaz gain, jaiak iragarriko dituen kartela eta beste bi nobedade nagusi ere iragarri zituzten atzo prentsaurrean Galdakaoko Udaleko eta Jai Batzordeko ordezkariek. Hemen jakin beharreko guztia!
Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak pandemiaren osteko lehenengo Santakurtzen kartela eta ekintza nagusiak aurkeztu dituzte bariku honetan, uztailaren 22an, Iñigo Hernando alkatea, Amets Iturbe Jaietako zinegotziak, eta Angel Ezkurra eta June Sanchez Jai Batzordeko kideen ahotik.
Bi hilabete eskas falta dira ohiko Santakurtzei hasiera emateko. Aurtengoak irailaren 9tik 18ra bitarte ospatuko ditu Galdakaok, eta «denontzat pentsatutako jaiak» izango direla iragarri zuen alkateak. Hala ere, aniztasun hori «euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustutik» egingo dela azpimarratu zuen Iturbe zinegotziak.
«Euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu» horren adibide Ardanza parkeko oholtzak hartuko dituen kontzertu nagusiak izango dira: Skakeitan irailaren 9an, Zetak 10ean, Sua 16an eta Gatibu 17an. Guztiak euskaldunak. Lehenengo hiru taldeen aukeraketa herritarrek egindako ekarpenetan oinarritu dira. Azkena berriz, Gatibu, «taldeak Galdakao bere agertoki gutxietako bat izateko prestutasuna azaldu ondoren» aukeratu du Udalak. Aipatutako taldeez gain, herriko taldeak ere arituko dira oholtza gainean, Kaserna, Semejantes, Crazy Wordl eta Koiu.
Kontzertuetik harago, eta kuadrilen arteko lehiaketa ahaztu barik, aurten «kaleko ikuskizunak ugaritzeko apustua» ere egin du Udalak, «eta horri esker egunero kale antzerkiaz gozatu ahal izango da eta umeentzako zirku bat jarriko da Muguruko parkean», iragarri zuten Hernandok eta Iturbek.
Baina gainera, ikuskizunak ugaritzeaz gain ikuskizun horiek eskaintzeko guneak ere handituko dira, eta Zabalganen zein Lapurdiko aparkalekuaren alboan dagoen patioan ere ekintzak eskainiko dira.
Ez da ordea aurtengo Santakurtzek ekarri duten nobedade bakarra, Ezkurra Jai Batzordeko kideak iragarri zuenaren arabera, «jaiak ahalik parte hartzaileenak izan daitezen» kuadrilei ere Jai Batzordeko kide izateko eskubidea eskainiko zaielako aurrerantzean.
Guztira 57 ekintza hartuko dituzten Santakurtzak iragartzeko kartela ere aurkeztu zuten uztailaren 22ko prentsaurreko horretan: Jose Angel Liguero Martinez errioxarrak egindako kartela izan da lehiaketako irabazlea, «jai giroa eta Galdakaoko koloreak» islatzen dituena, Amets Iturbe zinegotziaren esanetan.
Karten lehiaketaren beste irabazleak honako hauek izan dira: bigarren postua Jon Ortegak eskuratu du eta hirugarrena, aldiz, Ane Gomezek eta Olatz Enzuneak. Lehiaketan bigarren eta hirugarren geratu direnak galdakoztarrak direla nabarmendu du zinegotziak. Amaitzeko, txikien kategorian Malen Goikoetxeak irabazi du, eta bigarren Amaia Carrascal geratu da.