Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesua zabalik dago
Jaiak
BINKE / 2022ko apirila
Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesua zabalik dago
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Gaizka Peñafiel
Datorren astelehenera arte —apirilak 18— egongo da zabalik aurtengo Santakurtzetako kontzertuak proposatzeko prozesua. Irailaren 17an eskainiko den kontzertu nagusia aukeratzeaz gain, herritarrek jaietako beste egunetako kontzertuak ere proposatu ahalko dituzte.
Santakurtz jaietako kontzertu aukeraketa prozesua zabaldu zen pasa den astean galdakao.erabaki.eus plataformaren bitartez. Aurten, Jai Batzordeak eta Udalak, Galdakaoko jaietako prozesu parte-hartzailean bi prozedura antolatu dituzte. Alde batetik, iraliaren 17ko kontzertu nagusia proposatu eta bozkatzeko aukera dago, eta bestalde, jaietako kartela osatuko duten gainerako kontzertuak ere proposatzeko aukera dago.
Kontzertu nagusiari dagokionez, lehenik eta behin, Jai Batzordeak kontzertuen proposamen bat egingo dio Udalari, eta honek, irizpide batzuetan oinarrituta, aukeraketa egingo du. Kontutan hartuko diren irizpideak hurrengoak dira:
- Proposamenen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa —kontzertu nagusiak, Ardanza Lehendakariaren plazan eskainiko diren kontzertu guztien %45eko kostua izan ahalko du gehienez—.
- Gehien errepikatzen diren proposamenek lehentasuna izango dute.
- Musika estiloa, publikoaren adin tartea eta emakumeen parte hartzea ere izango du kontuan Udalak.
- Ez dira mezu edo jarrera diskriminatzaileak bultzatzen dituzten musika taldeak onartuko.
- Azken jaietako talde nagusia —Fangoria— kanpokoa izan zenez, aurten, euskal taldea izateari preferentzia emango zaio.
Esan bezala, jaietako gainerako egunetan —irailak 9, 10 eta 16— eskainiko diren kontzertuak ere proposatu ahalko dituzte herritarrek —ez da beharrezkoa galdakoztarra izatea—. Prozesu horretan parte hartzeko pausoak hurrengoak dira:
- galdakao.erabaki.eus plataforman apirilaren 18ra arte proposatu daitezke musika taldeak.
- Apirilaren 19 eta 22a bitartean, jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu Udalak.
- Apirilaren 25ean, bideragarri diren proposamenen artean, aipatutako irizpideetan oinarrituta, zerrenda bat aurkeztuko du Jai Batzordeak.
- Apirilak 26 eta maiatzaren 8a bitartean, martxan jarriko da galdeketa irekia herritarrek —16 urtetik gorakoek— aukeren artean bozka dezaten eta kontzertu bakoitza zein egunetan izatea gura duten esateko.