Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko bozketa zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Irailaren 8tik 17ra ospatuko dira Santakurtzak eta aurten ere jaietako pregoilaria herritarrek aukeratuko dute. Hilaren 6era arte zabalik dago proposamenak egiteko epea eta herritar bakoitzak hiru egin ahal izango ditu.
Jai Batzordeak eta Udalak jakinarazi zutenez, aurtengo Santakurtzak irailaren 8tik 17ra ospatuko dira. Ohikoa denez, pregoilariak paper berezia izango du Galdakaoko jaietan eta aurten ere herritarrek aukeratu dute.
Lehenik eta behin proposamenak egingo dituzte herritarrek, bakoitzak hiru gehienez. Ostean, bideragarriak direnak bozkatuko dira. Bozkatu ahal izateko, beharrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea eta Galdakaokoa izatea.
Proposamenak egiteko epea zabalik dago honezkero eta ekainaren 6ra arte egin daiteke webgunearen bitartez edo Torrezabalen, Urreta Kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarri diren kutxetan.
Ondoren, Udalak eta Jai Batzordeak hautagaiak aztertu, eta iragazkia igarotzen duten proposamenak bozketara eramango dira. Herritarrek ekainaren 16etik 22ra izango dute aukera botoa emateko.
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta Jai Batzordeak hautatuko du. Hala ere, pregoilariak baldintzatuko du txupineroaren aukeraketa generoari dagokionean: pregoilaria gizona bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupinera emakumea proposatuko du.