Santakurtzetako pregoilaria proposatu eta bozkatzeko prozesua hasi da
Jaiak
BINKE / 2022ko uztaila
Santakurtzetako pregoilaria proposatu eta bozkatzeko prozesua hasi da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Irailaren 9tik 18ra ospatuko diren Santakurtz jaietako pregoilari eta txupineroa erabakitzeko prozesua hasi da. Uztailaren 10era arte bota daitezke pregoilariarentzako proposamenak, eta ondoren, bi aste egongo dira aukera bideragarrien artean botoa emateko.
Aurtengo Santakurtz jaiak irailaren 9tik 18ra ospatuko dira eta Galdakaoko Jai Batzordea eta Udala prestaketetan ari dira lanean. Horregatik, aurten ere, herritar eta elkarteek jaietako pregoilaria eta txupineroa aukeratzeko momentua heldu da.
Pregoilaria herriak aukeratuko du —16 urtetik gorako edozein galdakoztarrek har dezake parte—. Lehenengo pausoa proposamenak botatzea izango da —bakoitzak ezin ditu 3 proposamen baino gehiago egin—, eta bigarren pausoan, ideia horietatik bakoitzak bat bozkatu ahal izango du.
Lehenengo pausorako proposamenak uztailaren 10era arte egin daitezke, ohi bezala, erabaki.galdakao.eus plataforma digitalaren bitartez edo presentzialki —Torrezabalen, Urretan eta ESAN bulegoan jarriko diren kutxetan—. Jasotako ideia guztiak Galdakaoko Udaleko kultur arloak eta Jai Batzordeak aztertuko dituzte eta uztailaren 15ean zabalduko dute proposamen bideragarrien artean bozkatzeko aukera.
Bigarren pauso honek uztailaren 30era arte iraungo du, eta prozesu honetan ere digitalki zein presentzialki har daiteke parte. Boto gehien jasotzen dituena izango da 2022ko Santakurtzetako pregoilaria —berdinketa egotekotan, Jai Batzordeak erabakiko du nor izango den—.
Txupineroaren hautaketaren kasuan, aukeratua azken urteko jaietan parte hartu zuten kuadriletariko kide bat izango da, eta Jai Batzordea osatzen duten elkarteek erabakiko dute zein. Horretarako, elkarte bakoitzak proposamen bat botako du eta Batzordeak bozka bidez aukeratuko du.
Hala ere, txupineroa pregoilariaren arabera aukeratuko da, generoari dagokionez. Hau da, pregoilaria gizonezkoa bada, aukeratutako kuadrilak emakumezko bat proposatu beharko du txupinera izateko, eta alderantziz berdina; pregoilaria emakume bat bada, kuadrilako kidea gizon bat izan beharko du. Ez-bitarra bada edo elkarte bat bada aukeratu den pregoilaria, kuadrilek edozein generotako txupineroa aukeratu ahalko dute.