Santakurtzetan Galdakaok «gogor eta batuta» egingo dio aurre matxismoari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Santakurtzetan ere, «Galdakaok ez du inolako eraso matxistarik onartuko» nabarmendu dute Jai Batzordeak, mugimendu feministak, kuadrilek, udal korporazioak, emakume taldeek eta Txosna Batzordeak. Guztiek indarkeria matxistari «aurre egingo diote irmotasunez, tinko eta elkarrekin».
Santakurtzak hastear daude eta aurten ere, Galdakok «gogor eta batuta» egingo dio aurre indarkeria matxistari. Jai Batzordeak, mugimendu feministak, kuadrilek, udal korporazioak, emakume taldeek eta Txosna Batzordeak mezu argi bat bidali dute: «Galdakaok ez du inolako eraso matxistarik onartuko».
Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, aurrez ere lanketa sakona egin dute horretarako herriko eragileek: batetik, urtean zehar matxismoaren kontrako lanketan diharduten mugimendu feministak eta emakume taldeak elkarlanean aritu dira jaietan parte hartze aktiboa duten elkarteekin. Jai Batzordearekin eta Txosna Batzordearekin prebentzioaren inguruko lanketa egin dute, eta «detekzioa eta esku hartze azkar eta eraginkorra» prestatu dituzte.
Udalaren partetik ere formakuntza berezia jaso dute Txosna Batzordeak eta Jai Batzordeak, eraso matxisten aurrean izan beharreko jokabidearen inguruan. «Jaietako parte aktibo diren heinean, eraso bat ikusiz gero nola jokatu jakiteko irizpideak landu dituzte», azaldu dute Udaletik. Tabernek kontzientziazio materiala jaso dute ere, eta irizpideen zein protokoloaren inguruko informazioa.
Herritarrek ere hainbat material izango dute eskura, tabernetan, txosnetan eta txosnagunean jarriko den puntu morean. Kanpaina oso bat jarri da martxan eraso matxista oro identifikatu eta horien aurrean nola jokatu gomendatzeko. Gizonezkoengana ere zu zuzenduko da kanpaina, emakumeekiko duten jarreraz hausnartzeko.
Jaiek irauten duten egunetan, eguneko 24 orduz aktibo egongo den telefono zerbitzua ere egongo da, laguntza eta gomendioak emateko prest egongo dena. Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko udal programaren telefono hori honakoa da: 688 719 304. Zerbitzu hori presentzialki egongo da txosnagunean jaietako bi ostiral eta larunbatetan 21:00etatik 00:00etara.
Herritarren artean eskumuturrekoak ere banatuko ditu Udalak, ‘Eraso matxistarik ez!’ mezua uneoro presente izan dadin. «Inolako jarrera matxistarik gabeko herri eta jaien alde elkarlanean jarraitzeko» deia egiten du Galdakaoko Udalak.