Sormeneren talde eragilea urtarrilaren 25ean batuko da Galdakaoko udaletxean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Laugarren urtez ospatuko da Sormene sorkuntza plaza, bi ekinaldi izango dituela oraingoan ere. Datak eta edukiak zehazteko helburuz, ekimenaren talde eragilea urtarrilaren 25ean batuko da Galdakaoko udaletxean 19:00etan.
Sormene sorkuntzen Galdakaoko plaza antolatuko da aurten ere, laugarrenez. Aurrekoetan bezala, bi ekinaldi egingo dira oraingoan, udaberrian eta udazkenean, azken honen data zehaztu behar dela oraindik.
Galdakaoko Udala eta Dijitalidadea enpresa dira ekimenaren arduradunak baina herritarrekin batera egin ohi dute egitaraua, aberatsagoa egiteko asmoz. Horretarako, Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak Sormeneren Talde Aholkulari Eragilearen lehen batzarra deitu du urtarrilaren 25erako.
Zehazki, udaletxeko pleno aretoan batuko dira 19:00etan eta uztartuko diren gaiak bi izango dira. Batetik, datak zehaztuko dira. Herriko egutegia aztertu ostean, udaberriko ekinaldia egiteko data aproposena apirilaren 27tik 30era dela adierazi dute. Udazkeneko hitzordua egiteko ordea, bi aukeren artean eztabaidatuko da: urriaren 19tik 21era edo azaroaren 2tik 4ra.
Bestalde, edukien inguruan hitz egingo da batzarrean, hurrengo egunetan guztion artean partekatzeko dokumentua sortuko dutela interneten. Bertan, edukiak proposatu eta aukeratzeko oinarrizko irizpideak jasoko dituzte, ekarpen eta proposamenak kokatzeko.
Parte hartu nahi duten herritar guztiei dago irekita Sormeneren Talde Aholkulari Eragilea, hortaz, nahi duenak parte hartu dezake urtarrilaren 25eko batzarrean.