Su artifizialak, suziri eta petardoen erabilera arautuko du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Copyleft
Piroteknia ikuskizunek, su artifizalek, suziriek eta petardoek sor ditzaketen kalteak kontuan hartuta, hauen erabilera arautuko du Galdakaoko Udalak, data zehatzetarako ordutegiak ezarriz. Halaber, Udalak sustatutako su artifizialak isilak izango dira.
Gabonetan jai giroa da nagusi kale eta etxeetan eta ospakizun hauen parte izaten dira pirotekniarekin zerikusia duten ikuskizunak. Galdakaoko Udalak ordea hauek sor ditzaketen kalteak kontutan izatea eskatu die herritarrei, EAJk egindako proposamena onartuz. «Adineko pertsonek, haurrek eta animaliek pairatzen dute batez ere eztanda hauek sortzen duten ondoeza», adierazi du Udal Gobernuak.
«Trauma akustikoa edota aldebakarreko zein aldebiko entzumen galera eragin dezakete. Kalte hauek aldi baterakoak ezezik, kasu larriagoetan, itzulezinak ere izan daitezkeelarik», azpimarratu dute Udaletik. Hau ekiditu eta bizikidetza bermatzeko helburuz, piroteknia ikuskizunak arautzea erabaki dute.
Batetik, piroteknia, su artifizialak, suziri eta petardoen erabilera arautuko du, data zehatzetarako ordutegiak ezarriz. Bestalde, Udalak sustatutako su artifizialak isilak izango dira.
Halaber, abenduaren 31n, gaueko 00:00etatik 00:30era arte bakarrik erabiltzea gomendatzen du.