Talde palestinar batek dantza erakustaldia eskainiko du Santakurtzetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Palestinarrez osatutako Rajeen Dabkeh taldeak dantza erakustaldia eskainiko du Galdakaon, Santakurtzen egitarauaren baitan. Domekan, irailak 15, izango da eta horren aurretik, zapatuan, harrera egingo diote taldeari Iturrondon.
Santakurtzak barikutik, irailak 13, hilaren 22ra ospatuko dira, egitarau zabalarekin. Aurten adin eta zaletasun guztietarako ekintzak izango dira eta hauen artean, Palestinari babesa erakutsiko dio Galdakaok.
Patakon taldeak antolatuta, Palestinarrez osatutako Rajeen Dabkeh taldeak dantza erakustaldia eskainiko du domekan 21:30ean, Ardanza parkean. Hamabi dantzari palestinar izango dira Galdakaon, gaur egun Europan errefuxiatu moduan bizi direnak. «Dantza eta aldarrikapenak uztartuko dituzte aldi berean», azaldu dute antolakuntzatik.
Dantzaldiaren aurretik eta «beraiek gure artean ondo sentitzeko helburuz», harrera egingo diete palestinarrei Iturrondon zapatuan 20:00etan.
«Palestinarrei gure babesa erakutsi nahi diegu eta bizi duten egoera mahai gainean jarri», azaldu dio Patakonek BINKEri.