Toño Gonzalez izango da Auzoak taldeko alkategai datozen udal-hauteskundeetan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Auzoak taldea
Antonio ‘Toño’ Gonzalezek hasieratik darama Auzoak plataforman. Aldiz, Maripaz Losadaren lekukoa hartu eta orain berak eutsiko dio taldeko zerrendaburu izateko ardurari. Alkategai berria nor den eta zein testuingurutan aurkeztuko den laburtu du Binkek ondoko albistean.
Bederatzi hautagai aurkeztuko dira Galdakaoko Udal Gobernuaren lehian, eta bederatzitik azkenaurreko alkategaia ezagutzen Antonio Gonzalez izan da, Toño izenez ezagunagoa. Auzoak plataformaren izenean aurkeztuko da Gonzalez galdakoztarra, eta «2019ko hauteskundeetako indarrari eusten saiatuko» da bere kideekin batera, taldetik Binkeri hala adierazi dioten moduan. Alkategaiak 46 urte ditu, autonomoa da eta plataformaren sorkuntzatik dabil Auzoak-en lanean.
Aurreko udal-hauteskundeetara lehenengoz aurkeztu zen Auzoak, auzoetako aldarriak euren programan eramanda, eta lehenengo horretan indartsu sartu zen udalbatzan 21etik lau zinegotzi eskuratuta —nahiz eta legegintzaldia 2019ko maiatzean hasi eta urte bereko urrian euren zinegotzietariko batek plataformako kide izateari utzi zion, atxiki gabeko zinegotzi jarraitzeko—.
Legegintzaldi honetan Auzoak taldearen izenean hiru kide hauek ari dira: Maripaz Losada —alkateordea eta zinegotzia Gizarte Ongizatea, Adinekoak, Obra eta Zerbitzuak, Mugikortasuna eta Garraioa arloetan—, Olaia Parra —zinegotzia Gardentasuna, Parte-hartzea, Kultura eta Musika Eskolako arloetan— eta Javier Ibarretxe —zinegotzia Ondarea, Ekonomia Sustapena eta Turismo arloan—. Hiru hauetatik Parrak baino ez du jarraituko datozen hauteskundeetarako lehian, Binkek laster jakinaraziko duen moduan.
Aurreko udal-hauteskundeetan 2.592 boto jaso zituen plataformak eta horren ondorioz giltza izan zen —Galdakaoko historian lehenengoz— jeltzalea ez zen lehenengo Udal Gobernua osatu ahal izateko. Auzoak-ek EH Bilduri alkatetza eman zion Usansolo Herria eta Podemos taldeekin batera.