Trabukotarrak: «Kuadrila handietan saihestezina da izaeren arteko talka»
Trabukotarrak kuadrila @trabusss
BINKE / 2020ko maiatza
«Kuadrila handietan saihestezina da izaeren arteko talka»
GALDERAK: Dekantuz kuadrila @dekantuz98
Zuen kuadrilaren izena nondik dator? Laburbilduz, gure kuadrilako norbaitek behin erabili zuen «trabuko» hitzetik dator. Agian egunen baten «Boom»-era joateko aukera sortzen bazaigu, han azalduko dizuegu sakonago! (barreka)
Zuen ustez, zein da Galdakaoko beste kuadrilengandik desberdintzen zaituen ezaugarririk aipagarriena? Besteengandik desberdintzen gaituena gure ustez, gure kuadrillan dauden izaera desberdinak dira. Hau da, 19 pertsona izanda, izaera oso ezberdinez osatutako kuadrila bat gara eta horrek berezi egiten gaitu —denetarik aurkitu daiteke—.
Nor da kuadrilaren Instagram kontua gehien erabiltzen duena? Galdera honen inguruan asko eztabaidatu dugu. Guztiok erabiltzen dugu asko, batez ere, marmarrean aritzeko eta gure kontu pertsonaletan jarraitzen ez ditugun pertsonen inguruan kuxkuxeatzeko. Beharbada, baten batek gehiago erabiltzen du, baina ez dakigu ziur nor den!
Zuen artean askori «postureoa» gustatzen zaizuela ikusita, nor da kuadrillako «influencer»-a? Gure kuadrilako «influencer» nagusiak Naroa eta Irene dira. Hala ere, ados jartzea asko kostatzen zaigunez, plan bat egiten dugun bakoitzean Instagramera zerbait igotzea beharrezko ikusten dugu.
Zuen bizipenekin pelikula bat egingo balitz, zein izango litzateke filmaren titulua? Gure bizipenekin pelikula bat egingo balitz, bizi izan ditugun abenturen eta jaien inguruko pelikula bat izango litzateke, «Trabuabenturak» edo «Resacón de las Trabus». Gainera, planen bat egiten dugun bakoitzean ezustekoak gertatzen dira, baina azkenean dena ondo ateratzen zaigu beti, edo gehienetan behintzat.
Posiblea izango litzateke Dekantrabus harremanen bat? Hala bada, nortzuk izango lirateke hautagairik aproposenak? Gure kuadrilan ez dago ezinezkorik, beraz, izan daiteke… Gainera, bistakoa da fitxaketa onak dituzuela kuadrilan, baina gerokoak geroko utziko ditugu eta Galdakaoko jaietara arte itxarongo dugu; hala ere, Trabukantuz izena nahiago!
Zein da zuen kuadrilarik gogokoena? Eta gehien gorrotatzen duzuena? Konpromisu handi batean sartzen gaituzue, oso zaila baita kuadrilen artean aukeratzea… Baina bat aukeratu beharko bagenu, Firu kuadrila gure gogokoen artean dagoela esango genuke. Bestalde, Kuatxeatxerekin harreman arraroa daukagu, «relación amor-odio» esaten dena. Batzuetan gure kuadrila gogokoenen artean daude eta beste egun batzuetan, aldiz, gorrotatzen ditugun kuadrilen artean.
Kuadrila moduan noizbait liskarren bat izan al duzue? Bai, horrelako kuadrila handietan saihestezina da izaeren arteko talka. Dena den, beti lortzen dugu adostasun batera heltzea eta horrek besteengandik bereizten gaitu. Kuadrila guztietan bezala, mutil-kontuetan ere liskar txikiak izan ditugu, baina beste momentu batean kontatzekoak dira horiek. Eta zer esanik ez jaietako liskarren inguruan, 19 pertsonako kuadrila izanda, kontzertuetan alde batera eta bestera mugitzen garenean, imajina dezakezue zelako desastreak sortzen diren…