Trafiko mozketak izango dira bihar Galdakaon eta Usansolon, Itzulia Women lasterketaren ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: DV
Itzulia Women lasterketaren aurtengo edizioaren bigarren etapa Basaurin hasi eta amaituko da, bihar, maiatzak 11. Tartean, Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da eta honen ondorioz trafiko mozketak izango dira. Hemen batu ditugu hauen xehetasunak.
Itzulia Women lasterketaren hirugarren edizioa antolatuko da gaurtik domekara bitartez eta guztira 358,9 kilometro egingo dituzte txirrindulari parte-hartzaileek. Ibilbidea hiru etapatan banatuko da eta bigarrena, bihar, maiatzak 11, Basaurin hasi eta amaituko da.
Etapa honek eskualdeko hainbat herri igaroko ditu, tartean Usansolo eta Galdakao. BINKEk jaso zuen moduan, Usansolora 11:35ean helduko da eta Galdakaora aldiz 12:40ean.
Honen ondorioz, trafiko mozketak egongo dira bihar herri bietan. Usansolon, N-240 autobidea itxita egongo da bi noranzkoetan, Gorosibaiko biribilgunetik Urgoitira, 10:45etik 12:00etara. Hortaz, ezin izango da Usansolotik irten edo sartu tarte horretan.
Galdakaon aldiz, N-634 errepidea itxita egongo da Askarri eta Olabarri aldean, Bilborako noranzkoan, 12:00etatik 13:00etara. Zalantzarik izanez gero, 944010505 telefono zenbakira deitu daiteke (Udaltzaingoa).
Lasteketaren ordutegiaren xehetasun guztiak ezagutu daiteke Itzulia Women lasterketaren webgunean.